AKTUALITATEA


| 2021-11-24 11:59:00

EH Bilduk Aiaraldeko eta Urduña, Orozko, Arrankudiaga eta Arakaldo udalerrietako egoera sozioekonomikoa aztertu duen ponentziaren txostenaren alde bozkatuko du bihar osoko bilkuran, bere proposamenen %82 jasotzen dituen akordio zabal bat lortu ostean. Unai Fernandez de Betoñok azaldu duenez, ponentzian adostutakoaren arabera, Jaurlaritzak inbertsio ekonomikoak handituko ditu (26 milioi euro) Aiarako eskualdean susperraldi sozioekonomikoa sustatzeko, EH Bilduk hala eskatuta.

Fernandez de Betoñok gogora ekarri du EH Bilduren beraren proposamen bati jarraiki eratu zela Aiaraldea suspertzeko ponentzia, lehenago Ezkerralde eta Oarsoaldeko egoera aztertu zuena bezalaxe. Izan ere, Aiaraldeko indize sozioekonomiko batzuk EAEko batez bestekoa baino nabarmen okerragoak dira, hala nola langabezia tasa, EAEkoa baino lau puntu altuagoa. “Datuek, gainera, okerrera egin dute krisi pandemiko eta energetikoaren ondorioz eta suspertze-plan bat inoiz baino beharrezkoagoa da eskualdean”.

Adostutako neurriei dagokienez, EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu du inbertsioak industrian, enpleguan, hiri-eraberritzean, azpiegituretan, mugikortasunean, turismoan, kulturan, komertzioan eta lehen sektorean zentratuko direla. “Industria bultzatzekoa inbertsio lerro nagusia izango da, 10 milioi eurorekin, eta azpimarratzekoa da, halaber, azpiegitura eta mugikortasunari dagokienean konpromisoa hartu dela Nerbioiko Parke Lineala luzatzeko eta tren-geltokien eta herriguneen arteko lotura (segurtasuna eta irisgarritasuna) hobetzeko. Lehen sektoreari buruz, azkenik, EH Bilduren ekimenez, Laudioko hiltegia mantentzeko saiakera egiteko eta hiltegi txiki baten eta eskualde mailako sukalde zentral baten bideragarritasuna aztertzeko konpromisoa ere txertatu da txostenean, egokiak izanez gero, gauzatu ahal izateko”.

Akordioa positiboa izanik ere, “Aiaraldean egin beharreko lana ez dago bukatuta, hau eskualdea suspertzeko hasiera baino ez baita”, ohartarazi du Fernandez de Betoñok. Hurrengo urratsa, azaldu du, talka-plan bat eta plan estrategiko bat egitea da, ponentziaren txostenak jaso bezala.