Imanol Pradales lehendakariak Euskadiko Hirigintza eta Etxebizitza Foroan iragarri dituen neurriek “sinesgarritasun arazo bat dute”, Nerea Kortajarena EH Bildu legebiltzar-taldeko bozeramailearen iritziz, “une honetan EAJ blokeatzen ari delako etxebizitzarako sarbidea egikaritzeko eta Etxebizitza Legea garatzeko udalak egiten ari diren ahalegina. Hemen bestelako hausnarketa bat behar da, eszenifikazioetatik harago”.
Horren ildotik azaldu duenez, “udalak ikaragarrizko esfortzua egiten ari dira tentsio handiko guneak izendatzeko, izendapen horiek egiteak esfortzu handia eskatzen duelako eta udalak baliabide oso gutxirekin egin behar izaten ari direlako. Nafarroan, EH Bilduren ekimenez, Gobernuak berak hartu zuen lan hori egiteko ardura, baina hemen, aldiz, udalen gain uzten da ardura osoa, eta gero ikusten dugu, adibidez, Eider Mendoza buru duen Gipuzkoako Aldundiak oraindik ez duela onartu alokairuen erreferentziazko prezioen indizea”, ezinbestekoa dena tentsio handiko guneak izendatzeak efektu praktikoa izan dezan.
Etxebizitzaren arazoa konpontzeko instituzio guztien jarduera koordinatua nahitaezkoa dela berretsi du Kortajarenak. “Hasieratik esan dugu etxebizitzaren auziak eskatzen duela eskala instituzional bakoitzak dagozkion lanak behar bezala egitea eta instituzio guztiak etxebizitza eskubidea gauzatzeko bidean kokatzea, eta EAJ lan guzti hori blokeatzen ari da, gobernu barruan arlo honetan PSErekin dituen desadostasunen ondorioz edo ez zaiolako Etxebizitza Legea arrakastaz garatzea interesatzen, denok gogoratzen baitugu EAJk lege horren kontra bozkatu zuela. Nolanahi ere, ondorioak oso larriak dira, hemen etxebizitza arazo larri bat dugulako”.