AKTUALITATEA


| 2025-01-26 10:57:00

Dakarreko portuan, Senegalen, harrapatuta, arrantzan egin ezinik, dauden lau euskal atunontzien egoera konpontzea premiazkoa dela iritzita, EH Bilduko legebiltzarkide Naiara Fernandez Madariagak legez besteko proposamen bat aurkeztu du Legebiltzarrean, auzi honetan ardura duten erakundeei neurriak har ditzatela eskatzeko, “arazo honen atzean konponbide duin bat behar duten euskal arrantzaleak daudelako”. Lau atunontziak, Dakartuna elkartekoak, geldirik daude Dakarreko portuan Senegaleko Gobernuaren eta Europako Batasunaren arteko akordioa berritu ez delako. Horren ondorioz, “itsasontzi hauek beraien jarduera ekonomikoan derrigorrezko etena izan dute, baina eguneroko gastuak beregain hartzen jarraitzen dute, eta egoera jasanezina izatera heltzen ari da”, Fernandez Madariagak azaldu duenez.

Egoera zuzentzeko asmoz Legebiltzarrean aurkeztu duen proposamenaren bitartez, Fernandez Madariagak auzian ardura duten erakundeei eskatu die euskal atunontziak pairatzen ari diren “egoera eta ondorioak lehenbailehen zuzentzeko neurriak hartu eta beharrezkoak diren laguntzak bideratu ditzatela”.

Halaber, EH Bilduko legebiltzarkideak gogora ekarri du Dakartuna elkarteak irtenbideak bilatzeko proposamen zehatzak ipini zituela astelehenean, Cepescarekin, Jaurlaritzarekin eta Ministerioarekin egindako bileran, “baina momentuz ez dago egoera konponduko duen neurri eta konpromiso zehatzik”. Hori dela eta, Fernandez Madariagak “Dakartunak proposatutako arrantzatzeko leku berriak aurkitzeko babesa eta laguntza eman dezala” eskatu dio Jaurlaritzari.

Azkenik, Dakarren harrapatuta dauden atunontziak “era honetako arrantza egiten duten azken itsasontziak” direla kontuan hartuta, itsas ondare horren balioa azter dezala eskatu dio Jaurlaritzari, “itsas ondare horren galera gertatuko balitz”.