Joan den astean Pello Otxandianok egoera ekonomikoari buruzko diagnostikoa eta nazioarteko testuinguruaren irakurketa aurkeztu ondoren, ezker suberanistak egungo ziurgabetasunari erantzuteko herri honek egituratu behar duen erantzunean zentratuko du bere ekimen parlamentarioa. Gainera, Osasun arloko politikaren eta etxebizitzaren inguruko ekimenek jarraipena emango diote EH Bilduko legebiltzarkideek azken asteetan egindako lan eskergari.
Otxandianok Imanol Pradalesi galdetuko dio Jaurlaritzak 242.000 euroko kontratu baten bidez esleitu duen Industria Planari buruz. Oposizioko-buruak Jaurlaritzari interpelatuko dio horretaz, euskal manufakturarentzat erabakigarria den une honetan, Laudion Guardian Glass enpresak ixteko erabakia iragarri ondoren.
Aste honetan Lan Harremanen Kontseilua bilduko da, gutxieneko soldata propio bat onartzeko euskal gehiengo sindikalaren eskaria dela eta. EH Bilduk duen garrantzia eman nahi dio bilera horri, gutxieneko soldata propioaren beharra berresten duelako, aurrekontuen negoziazioan Jaurlaritzak mespretxatu egin zuen arren. Ildo horretan, Nerea Kortajarenak Mikel Torres lehendakariordeari galdetuko dio Jaurlaritzak zer funtzio izan behar duen euskal errealitate sozioekonomikora egokitutako Lanbide arteko Gutxieneko Soldata lortzeko.
EH Bilduk Kontroleko Osoko Bilkura baliatuko du baita ere azalpenak eskatzeko energetiken gaineko zerga ez onartzeak EAEko aurrekontu orokorretan izango duen eragin negatiboari buruz eta Eskola Maparen berritzeari buruz. Lehenago, osteguneko ohiko Osoko Bilkuran, proposamen bana jarriko ditu mahai gainean, tokiko osasuna sustatzeari buruz eta errentamendu turistikoetan eta sasoikoetan dagoen iruzurra ikertzeari buruz.
Nahiz eta Legebiltzarrean urtarrila baliogabea izan osoko bilkurei eta batzordeei dagokienez, EH Bilduren talde parlamentarioarentzat lan handiko asteak izan dira, euskal gizarteko eragile eta sektore zabalekin harremanak sendotzeko baliatu dituenak.
Hau, gainera, aste berezia da EH Bildurentzat, III. Biltzarra egingo duelako Iruñeko Baluarte Auditorioan. Hitzordu horretan ezker suberanistak bere proiektu politikoa indartu eta Mahai Politikoa berrituko du, eraginkorragoa eta erabakigarriagoa izateko helburuarekin. Iruñean izango dira EH Bilduko 27 legebiltzarkideak, hitzordu historiko honetan parte hartzen.