AKTUALITATEA


| 2024-10-07 11:39:00

Legebiltzarrak aho batez onartu du gaur EH Bilduren proposamena eta Hezkuntza Sailak Ardogintza eta Oliogintza erdi mailako gradua eskainiko du Guardiako Institutuan 2025-2026 ikasturtetik aurrera, eta goi mailetara zabalduko du hurrengo urteetan. Itxaso Etxebarriak akordioaren garrantzia nabarmendu du, sektorean jardun nahi duten Arabar Errioxako gazteei ikasketa horiek eskualdean bertan egiteko aukera emango zaielako. Izan ere, “gezurra dirudien arren, gaur egun beste erkidego batzuetara joan behar dute hori ikastera, Guardian ez dagoelako ardogintza eta oliogintza gradurik, nahiz eta bertako institutua erreferentea den eskualdean eta, beraz, funtsezkoa den eskualdeko beharrei eta errealitateari egokitutako formakuntza eskaintza egitea, anitza, publikoa, hurbila eta kalitatezkoa. Guardiako institutuak upategietan lan egiteko prestatuta dauden pertsonak bideratzeko haztegia izan behar du, eskualdean belaunaldi erreleboa ahalbidetzeko ezinbestekoa baita bertan jaio, hazi eta euren ogibidea garatu nahi dutenek horretarako aukera egokiak izatea”.

Gaurko akordioaren arabera, Hezkuntza Sailak Guardiako institutua egokitzeko egin beharreko inbertsioak bizkortu beharko ditu, bai eta Ardogintzako goi mailako zikloa ematen duten irakasleen prestakuntza-prozesuak planifikatu eta abian jarri ere.

Gaurko akordioa aintzat hartuta ere, Jaurlaritzak gai honetan erakutsi duen utzikeria salatu du Etxebarriak, hauteskunde autonomikoak egin aurretik iragarri zuelako 2024-2025 ikasturtean hasiko zela Ardogintza eta Oliogintza erdi mailako gradua ematen, baina gero ez duelako hala egin. Hori dela eta, oraingoan hitza betetzeko eskatu dio gaur, “gizartearen konfiantza berreskuratzeko ezinbestekoa baita erakundeek eta politikariek esaten duguna egitea eta egiten duguna esatea”.

Azkenik, EH Bilduko legebiltzarkideak espero du gaurko akordioa urrats bat izatea Arabar Errioxan ardogintza sektorea pairatzen ari den krisialditik ateratzeko, 2015tik 2023ra 96 upategi itxi eta 700 lanpostu galdu egin baitira, gogora ekarri duenez.