Larria eta ulertezina. Halakoxea da EAJk eta PSEk Legebiltzarreko Mahaian hartu duten erabakia, Unai Fernandez de Betoño EH Bilduko legebiltzarkideari babesa adierazteari uko eginda. EH Bilduk Mahaiaren babesa eskatu du Fernandez de Betoñorentzat, Etika Publikorako Batzordean Jaurlaritzako zuzendari baten jardunbide desegokia salatu ostean zuzendari horren abokatuaren aldetik jaso zuen mehatxuagatik. Etika Publikorako Batzordeko kideek sekretupean gorde behar dute beren eginkizunak betetzean jakin duten informazio guztia, salatzaileen identitatea barne, baina agerikoa da kideren batek Fernandez de Betoñoren anonimotasuna urratu egin zuela eta, hala, mehatxua ahalbidetu zuela.
Legebiltzarkide guztien eskubideak defendatzeko erantzukizuna duen arren, Bakartxo Tejeria buru duen Mahaiak beste alde batera begiratzea nahiago izan du EH Bilduren ordezkariak pairatu zuen mehatxuaren aurrean. Aitzakia, gainera, absurdoa da, EAJk eta PSEk argudiatu baitute Fernandez de Betoñok ez zuela legebiltzarkide bezala jo Etika Batzordearengana, edozeinek hori ez dela egia ikus dezakeenean, Etika Batzordeak berak bere ebazpenean oso argi zehaztu zuelako hasierako salaketa Eusko Legebiltzarreko kide batek egin zuela. Alegia, Etika Batzordeak Unai Fernandez de Betoño legebiltzarkide gisa tratatu du eta Legebiltzarreko Mahaia da orain legebiltzarkide gisa tratatzen ez duena. Ez du ez hankarik, ez bururik. Mahaiak gehiago begiratu dio Fernandez de Betoñoren filiazio politikoari, jaso zuen mehatxuari baino.
Lehenago Etika Batzordeko buruak, Olatz Garamendi sailburuak, egin bezala, oraingoan Legebiltzarreko Mahaia izan da batzorde horren irregulartasunak babestu eta ezkutatzen saiatu dena. Irregulartasun horien biktima izan den legebiltzarkidea babestu beharrean, Etika Batzordean gertatutakoa argitzeko eta ardurak garbitzeko eskatu beharrean, Mahaiak organo horren funtzionamendu okerra babestea lehenetsi du, eta horrek kolokan jartzen du batzorde horrek ustez izan zezakeen balioa, argi geratu delako ez duela betetzen praktika desegokien aurkako borrokan funtsezkoa den elementu bat, salatzaileen anonimatua bermatu beharra, hain zuzen ere. Nor ausartuko da jardunbide irregularrak salatzera, jakinda hori bere kontra itzul daitekeela eta, kasu horretan, inork ez duela defendatuko?