Euskara ikasteko doakotasunean aurrerapausoak emateko ordua dela sinetsita dago EH Bildu, eta, lehenengo urrats gisa, euskara doan ikasteko aukera A2 mailara zabal dezala eskatu dio Jaurlaritzari. Josu Aztiria legebiltzarkideak adierazi duenez, “Jaurlaritzak A1 mailan euskara doan ikasteko aukera ireki zuen iaz eta, hori urrats garrantzitsua izan den arren, ez da nahikoa eta ez du doakotasun erreala ezartzea ekarri. Doakotasuna ikas-maila guztietara zabaldu behar dugu, urratsez urrats”.
Aztiriaren iritziz, “euskara ezagutzea eskubide subjektibo eta unibertsala izateko bidea egin behar dugu; hau da, euskara ikastea eta ezagutzea unibertsalizatu behar dugu, alderdi ekonomikoengatik, denbora faltagatik edo edozein motatako oztopoengatik herritar bakar bat ere gera ez dadin euskara ezagutzeko aukerarik gabe”.
Horren ildotik, “doakotasuna ikas-maila guztietara zabaldu ez ezik, denboraren muga gainditu, liberazioak langile orori zabaldu, laneratze-prozesuetan lagundu eta hizkuntza-harrera handi bat eraiki ere” egin behar dela aldarrikatu du EH Bilduko legebiltzarkideak. “Ekintzara pasatzeko unea da, A2 mailatik aurrera doakotasun erreala ezartzeko, euskaltegien finantzazioa eta langileen lan-baldintzak egonkortzeko, ebaluazioa euskaltegien esku uzteko eta ordu-liberazioak eta doakotasun erreala herritar orori unibertsalizatzeko. Bide honetan EH Bildu Euskararen Ezagutza Unibertsalizatzeko Lege-Proiektua garatzen ari da eta datozen hilabeteetan aurkeztuko du”.
AGERRALDI SORTA
Norabide horretan egin beharreko planifikazioan sakondu ahal izateko, EH Bilduk agerraldi sorta eskatu du Legebiltzarrean, bihartik aurrera gauzatuko direnak. Bihar HABEko zuzendari nagusi Jokin Azkue agertuko da, euskara ikasteko doakotasuna pixkanaka A1 mailatik C2 mailara zabaltzeko prozesuan Jaurlaritzak eman dituen urratsak azaltzeko. Izan ere, Aztiriak ohartarazi duenez, “2025eko aurrekontuetan ez du aurreikusi ez planifikaziorik, ez diru-partidarik horretarako, eta ezinbestekoa da, hortaz, gai horrekiko dituen asmoak azaltzea, 2025-26 ikasturtean eragina izan dezan”.
Datorren astean, hilaren 9an, HABEko zuzendariak bi txostenen emaitzak azalduko ditu. Batetik, Atzerritik etorritako kolektibo zaurgarriei euskalduntzea eragozten dieten oztopoen diagnostikoaren emaitzak; bestetik, azken bost urteetan euskaltegietan matrikulatu ez diren EAEko herritar helduen arrazoiak aztertzeko ikerketarenak.
Laugarren agerraldia maiatzean gauzatuko da, Euskalgintzaren Kontseiluarena, hain zuzen ere, ‘Euskara ezagutzeko beharra helduengan sustatzeko proposamena. Doakotasunaren bidean’ izeneko proposamena azaltzeko.