EH Bilduren proposamen bati jarraituz, Jaurlaritzak Autonomoen Lanaren Euskal Kontseilua sortuko du datorren urtean, talde independentistak gaur Legebiltzarrean EAJ eta PSErekin adostu duenaren arabera, organo berri horrek autonomoen lanaren kalitatean eta eskubideetan aurrera egitea ahalbidetuko duelakoan. Izan ere, autonomoen kolektiboak funtsezko zeregina betetzen du EAEko ehun ekonomikoan eta sozialean, jarduera, berrikuntza eta enplegua sortzeko egiten duen ekarpenagatik.
Pazis Garciak Autonomoen Lanaren Euskal Kontseiluak izango duen garrantzia azpimarratu du, “marko egonkorra izango delako autonomoen lanaren kalitatea eta eskubideen babesa sendotzeko eta kolektibo horrekiko elkarrizketa bideratzeko, haren ordezkarien ahotsa indartuz eta negoziatzeko eta adosteko espazioak sortuz, betiere langile horien eskubideak babestu eta enplegu mota horren kalitatea bermatzeko helburuarekin”. Ildo horri jarraituz, Garciak behar-beharrezkotzat jo du “autonomoekiko interlokuzioa egonkorra izatea, haien errealitatea eta proposamenak gertutik ezagutzeko, sektore hori konplexua eta heterogeneoa baita, eta dituen arazoak ere askotarikoak dira”.
Alde horretatik, EH Bilduko legebiltzarkideak gogorarazi du badaudela autonomoak gutxieneko soldatara iristen ez direnak eta beste batzuk, ordea, hilero 6.000 eurotik gorako diru-sarrerak dituztenak. “Askotariko errealitateak ditugu, sektoreak ere oso heterogeneoak direlako: merkataritza txikia, taxiaren sektorea, lehen sektorea, eraikuntza arloko gremioak, eta abar. Hori dela eta, irtenbideak eskaintzerakoan, errealitate horiek guztiak kontuan hartu behar dira”.
Eta fiskalitatearen ikuspegitik ere akatsa litzateke autonomo guztiei neurri bera aplikatzea, ohartarazi du Garciak. “2023az geroztik, autonomoek euren diru-sarrera errealen arabera kotizatzen dute, baina sistemak mesede egiten die errenta altuenei, eta txikienei kaltetu. Kotizazio-sistema hori erregresiboa da, diru-sarrera txikienak dituztenentzat Gizarte Segurantzako kuota ia %30ekoa delako, diru-sarrera altuak dituztenek %10eko kuota bakarrik ordaindu behar duten bitartean”.