AKTUALITATEA


| 2025-11-21 13:02:00

EH Bilduk atzera egin dezala eskatu dio gaur Bingen Zupiria Segurtasun sailburuari, eta Ertzaintzak atxilotuen berri emateko erabakia zuzen dezala, beraz. Izan ere, erabaki horrek, Nerea Kortajarenak ohartarazi duenez, “kolektibo jakin batzuen kontrako aurreiritziak eta mesfidantzak elikatu baino ez ditu egingo, eta horrek kalte egingo die kohesio sozialari zein bizikidetzari”.

Kortajarenak gogora ekarri du Zupiriak berak orain dela gutxira arte bat egiten zuela diagnostiko horrekin, duela urtebete eskas Voxi erantzun baitzion “atxilotuen jatorriaren berri ematea berdintasun eta diskriminazio ezaren printzipioen aurkakoa zela”. Hori dela eta, EH Bilduko legebiltzarkidearen iritziz, ulergaitza da sailburuaren iritzi-aldaketa, SOS Arrazakeriak, Arartekoak, Demokraziaren Aldeko Epaileak, PSEko Mikel Torres lehendakariaordeak eta Espainiako Barne ministroak salatu dutena.

Horren haritik, Kortajarenak ukatu du Zupiriaren iritzi-aldaketa gardentasunaren izenean justifikatu daitekeenik. “Eskuin muturrak ez du gardentasunik nahi, bere diskurtso arrazista eta xenofoboa elikatzen jarraitzeko materiala baizik, eta Zupiriak material hori eman dio gainera, ezinezkoa delako atxilotu baten jatorriari buruzko informazioa ematea estigmatizatu gabe. Datu hori modu isolatuan ematen denean, testuingururik gabe, bestelako aldagai batzuk gehitu gabe, atxilotuen errenta eta klase soziala, esaterako, kausalidade bat ezartzen da, ustezko delitugilearen eta bere jatorriaren artean, eta horrek, ezer ez konpontzeaz gain, ateak irekitzen dizkio parez pare eskuinaren eta ultraeskuinaren manipulazioari. Arazo konplexuei erantzun sinple eta populistak ematen dizkieten diskurtso arrazista eta xenofoboak elikatzeko baino ez du balio, sektore jakin batzuk kriminalizatu eta haien aurkako gorrotoa sustatzeko”.

Hori guztia kontuan hartuta, EH Bilduko legebiltzarkidea kezkatuta agertu da bereziki Segurtasun sailburuaren irizpide-aldaketaren jatorrian egon daitekeen arrazoi eta analisi politikoarekin. “Motibazioa politikoa izan daiteke bakarrik, kalkulu elektoralen araberakoa, eta hori benetan kezkagarria iruditzen zaigu, hain konplexuak diren gaiei epe motzeko interes alderdikoi eta elektoraletatik heltzea oso arriskutsua delako. Kezkatzen gaitu EAJk gai honi heldu ote dion ez gizartearen interes orokorretik, baizik eta bere interes partikularretatik, kalkulu elektoraletik, eskuinetik botoak galtzeari dion beldurretik. EAJ gehiegi gerturatzen ari da azken aldian ultraeskuinak darabilen marko populistara, eta hori akats handia da elkarbizitzaren ikuspegitik”.