AKTUALITATEA


| 2025-11-19 12:51:00

EH Bilduren proposamen bati jarraituz, Legebiltzarrak “Euskal Unibertsitate Sistemaren eta Euskal Etxeen arteko harremanak sistematizatzeko lan egin dezala” eskatu dio gaur Jaurlaritzari, “harreman-sare iraunkor eta formal bat” osatze aldera.

EH Bilduk hala adostu du EAJ eta PSErekin, eta harreman-sare horri egokitu behar zaizkion eginkizunak zehaztu dituzte akordioan: “Nazioarteko harremanen programan parte hartzen duten ikasleei informazioa ematea, haien egonaldia errazteko; ikasle horien eta euskal diasporaren arteko harremana indartzea, haien ibilbide pertsonala eta kolektiboa garatzeko; programan parte hartzen duten Euskal Etxeei laguntza ematea eta informazio zerbitzuetarako sarbidea erraztea, eta harreman-sare horretan ikasleen parte hartzea erraztu eta pizgarri soziokulturalak sustatzea, baita beharrezko informazioa ematea ere, sarea ezagutarazteko beharrezkoak diren ekintzak bultzatuz”.

Edurne Benito EH Bilduko legebiltzarkideak, jatorrizko proposamenaren egileak, hain zuzen ere, azaldu duenez, “gurea euskal kolektibitatea indartzeko proposamena da, diaspora eta aldi baterako egonaldi bat egitera doan komunitate berria saretzeko asmoa duena. Helburua argia da: nazioarteko programetara doazen ikasleek informazioa, baliabideak, laguntza eta euskal etxeak komunitate ataria izatea. Ez dezatela mundura bakarrik salto egin; izan dezatela aukera helduleku bat Euskal Herritik kanpo izateko”. Izan ere, “euskal etxeek egiten duten lana funtsezkoa da, identitate nazionalaren erakusleiho gisa ez ezik, praktika komunitario eraginkorren gune gisa ere, eta gaurkoa hori indartzeko proposamen xume bat da, instituzioetatik euskal etxeen papera aitortu, indartu eta laguntzeko”.

Benitok garai historiko honetan komunitateak duen garrantzia azpimarratu du, eta euskal etxeek zentzu horretan betetzen duten funtzioa aldarrikatu. “Indibidualismoak eta gizartearen zatiketak gora egiten duten garai honetan eta, hortaz, helduleku komunitarioak eraikitzea funtsezkoa den garai honetan, euskal etxeak helduleku dira askorentzat”.

Gainera, erantsi du, “Euskal Herriak badu abantaila bat: lan komunitario eta militantearen kultura sakon errotua dugu eta gure nazioaren biziraupenaren parte izan da, eta hori ez da iraganeko kontu bat. Egunero ikusten ditugu horren adibideak. Esaterako, Euskal Selekzioaren eta Palestinakoaren arte partidan bizi izan genituen giroa eta aldarriak adibide garbia dira, bai eta esperantza iturri ere, nazio-aitortzaren aldarriak eta mundu hobe baten aldeko apustuak Euskal Herriko duintasuna plazaratu baitzuten mundu osoko fokuetan”.