EAJ eta PSE 2022ko Hezkuntza Akordioaren norabidea aldatzen ari dira Hezkuntza Lege Proiektua tramitatzen ari den ponentzia parlamentarioan, salatu du EH Bilduk, gobernukideak haren zuzenketa nagusiak atzera botatzen ari baitira sistematikoki. Jarrera “arduragabe” horren ondorioz, Ikoitz Arresek Jokin Bildarratz sailburuari ohartarazi dio gauzak aldatu ezean, “Hezkuntza Legea oso lege anbiguoa izango da, zehaztugabea, eta interpretazio kontrajarriak egitea ahalbidetuko du, legearen printzipioak guztiz deskafeinatzen ari dira eta, zehatz-mehatz arautzen ez badira, ez dira zertan beteko. Sekulako zentzugabekeria da”.
Alde horretatik, EAJk eta PSEk Euskal Hezkuntza Zerbitzuari buruzko zuzenketei emandako ezezkoa salatu du bereziki EH Bilduko legebiltzarkideak. Azaldu duenez, “Hezkuntza Akordioari jarraiki, itunpeko ikastetxeak Hezkuntza Zerbitzuan sartzeko eta, hortaz, finantzazio publikoa jasotzeko bete beharreko baldintzak zehaztu nahi izan ditugu, bai eta baldintza horiek ez betetzearen ondorioak ere”, baina EAJk eta PSEk uko egin diote hori arautzeari. Ezezko horrekin, ohartarazi du Arresek, bi alderdi horiek Hezkuntza Akordiotik urruntzen dira eta “atea irekitzen diote kontzertazio unibertsalari; hau da, itunpeko ikastetxe guztiak baldintza barik finantzatzea ahalbidetuko dute, arau-hausteak zigortu gabe. Zentro horien eskubideak bakarrik arautu nahi dituzte, baina ez euren obligazioak, eta zentroek baldintza batzuk betetzeko obligazioa eduki behar dute legez, obligazioa, eta hala egiten ez badute, zigortu behar zaie. Erraza da ulertzen: alkate batek 30 kilometro orduko abiadura-muga ezarri nahi badu, bi gauza egin behar ditu: debeku hori ezarri eta arautu zer gertatzen den auto batek muga hori gaindituz gero. Erraza da, baina, hala eta guztiz ere, Euskal Hezkuntza Zerbitzua arautu gabe geratuko da”.