AKTUALITATEA


| 2024-07-18 09:53:00

Etxebizitzaren Aldeko Itun Sozialaren ekitaldian Jaurlaritzak legegintzaldi honetan 7.000 etxebizitza babestu sortu nahi dituela iragarri eta biharamunean, EH Bilduk ohartarazi du “etxebizitza berriak eraikitzea ez dela nahikoa izango, horrek bere horretan ez duelako balioko etxebizitzaren prezioak jaisteko, eta are gutxiago etxebizitza eskubidea herritar orori bermatzeko”. Etxebizitzaren arazoa konpontzeko askoz harago joan beharra dagoelakoan, Xabier Astigarraga legebiltzarkideak ezinbestekotzat jo du “alokairuaren prezioak erregulatzea eta legeak horretarako ematen dituen aukerak baliatzea”.

Horren haritik, Astigarragak bi legez besteko proposamen aurkeztu ditu gaur Legebiltzarrean, Jaurlaritzari eskatzeko aurrerapausoak eman ditzala premiaz norabide horretan. Batetik, tentsio eremuak izendatzeko prozedura azkartzeko neurriak har ditzala eskatu dio, “2023ko Etxebizitza Legea indarrean sartu zenetik Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan herri bakar bat ere ez baita oraindik tentsio eremu gisa izendatu”. EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu duenez, “2024ko abenduaren 31n amaituko da alokairuen eguneratzeetan prezioaren igoera %3an mugatzen duen arauaren indarraldia; hori dela eta, alokairuen prezioak mugatzeko politikak lehenbailehen abiatzeak berebiziko garrantzia dauka”.

Horrez gain, tentsio eremuak aztertzeko Etxebizitzaren Behatokiak egindako txostenetan legearen arabera kontuan hartu beharreko aldagai guztiak aintzat har ditzala eskatu dio Jaurlaritzari. Lehenbailehen azterketa berri bat egin dezala galdegin dio eta, “zehazki, bertan jaso ditzala aurreko bost urteetan etxebizitzaren salerosketan izandako hazkunde metatuaren ehunekoa zein hipotekaren eta oinarrizko gastu eta hornigaien kostuak aurrekontu pertsonalean edo bizikidetza-unitatearen aurrekontuan duen batez besteko karga”. Izan ere, “tentsio eremuen inguruan orain arte eginiko txostenetan Behatokiak soilik alokairuaren datuak erabili ditu, legeak dioenean alokairuaz gain, eremu tentsionatuak izendatzeko hipotekaren kostuak eta salerosketa prezioen bilakaera ere aintzat hartu behar direla”. Gainera, erantsi du Astigarragak, “txosten horietan ez dira aztertu EAEko udalerri eta barruti guztien erdia baino gehiago; hortaz, egin beharreko azterketa berriak bermatu behar du udalerri eta barruti guzti-guztiak kontuan hartzen direla, eta hala eskatu diogu Jaurlaritzari”.

Astigarragak aurkeztu duen bigarren legez besteko proposamenak alokairu-merkaturako erreferentziazko prezioen indize sistema garatzearen garrantzia azpimarratzen du. Hala, berehala garatu dezala eskatzen dio Jaurlaritzari, “lehenengo tentsio eremua izendatzen den unerako sistema indarrean izan dadin”. Horretarako, jarraitzen du proposamenak, Gobernuak eskaera formala egin behar die foru aldundiei “lankidetzan aritu eta beharrezkoak diren katastroko datuak eta datu fiskalak eman ditzaten”, datu horiek erabili behar baitira erreferentziazko prezioen indizea egin ahal izateko.

EH Bilduko legebiltzarkideak ohartarazi duenez, “alokairuaren prezioak mugatzeko, tentsio eremuen izendapenak egiteaz gain, ezinbestekoa da erreferentziazko prezioen indizeen sistema egikaritzea; indize hori gabe, udalerriek ezingo dituzte aplikatu legeak jasotzen dituen hainbat neurri, ez eta tentsio eremuetako desorekak zuzentzeko ekintza planak eta egutegiak garatu ere”.