EH Bilduk 127 zuzenketa partzial aurkeztu ditu gaur, Jaurlaritzak Legebiltzarrari igorritako Gardentasunaren Lege Proiektuaren gabeziak eta akatsak konpontzeko asmoz eta, finean, benetan gardentasunaren aldeko apustu egiteko prest dagoela erakusteko azken aukera emateko Pradalesen Gobernuari, Lamia Arcasek adierazi duenez. “Osoko zuzenketarik ez aurkeztea erabaki dugu; Jaurlaritzari azken aukera bat eman nahi diogu gardentasun erreal eta eraginkorraren aldeko apustu politiko sendoa egiteko prest dagoela eta gabezia juridiko nabarmenak dituen testu bat onartzera mugatuko ez dela erakusteko”.
127 zuzenketa horien bidez, talde subiranistak lege proiektuaren edukia sakon eraldatzea du helburu, akatsak eta gabeziak askotarikoak direlako, arreta berezia emanez zenbait gai estrategikori. Lehenik eta behin, “Gardena-Gardentasunaren Agintaritzaren presidentzia hautatzeko modua aldatzea proposatu dugu, organo horren independentzia bermatzeko”. Jaurlaritzak izendatu ordez, EH Bilduren planteamendua onartuko balitz, Legebiltzarrak hautatuko luke Agintaritzako presidentea, eta gutxienez legebiltzarkideen hiru bostenen babesa eskatuko litzateke, Arartekoa izendatzeko sistema bera. Gainera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan iruzurraren eta ustelkeriaren aurka lan egiten duten gizarte-erakundeei hautagaiak proposatzeko aukera emango litzaieke.
Halaber, zehapen- eta diziplina-prozedurak izapidetu bitartean, ebazpena eman aurretik, Agintaritzak kautelazko neurriak hartu ahal izatea nahi du EH Bilduk, eta babes neurriak eta mekanismoak ezartzen ditu salaketa bat egiten duten edo irregulartasun baten berri ematen duten informatzaile guztien eskubideak bermatzeko.
Interes taldeei dagokien kapituluaren erredakzio eta egitura osoa ere eraldatu nahi du EH Bilduk. Arcasek azaldu duenez, “kapitulu horrek kargu publikoen, eragiteko gaitasuna duten langile publikoen eta interes-taldeen arteko harremanak arautzen ditu, Administrazioaren kudeaketan gardentasuna bermatu eta interes-taldeek izan dezaketen eragin-jarduera kontrolatzeko xedearekin”.
EH Bilduk ez du ahazten, ezta ere, Herritarren Parte-Hartzerako Legea onartzea behar-beharrezkoa dela. Hori dela eta, Gardentasunaren Legean xedapen gehigarri bat txertatzea proposatu du, legea onartu eta gehienez 12 hilabetetan Jaurlaritzak Herritarren Parte-Hartzerako Lege Proiektua aurkezteko obligazioa izan dezan. Izan ere, “Gobernuak planteatzen duen Gardentasunaren Legeak ez du prozesu loteslerik aipatzen, eta ez du betebeharrik ezartzen erakundeek kontsultei, gomendioei edo partaidetza-, eztabaida- edo kontsulta-prozesuei erantzuteko. Agerikoa da, beraz, Parte-Hartzerako Lege baten premia”.
Azkenik, dagoeneko zein etorkizunean adimen artifizialak duen eta izango duen inpaktuari erreparatu dio koalizioak. “Aro digitalean –esan du Arcasek– gardentasun publikoa herritarren eta erakundeen arteko harremanak eraldatzen dituzten ingurune teknologiko berrietara egokitu behar da. Herritarrek eskubidea dute jakiteko nola prozesatzen diren beraien datuak. Horregatik, legeak gardentasun digitala printzipio gidari gisa aitortzea proposatzen dugu. Besteak beste, proposatzen dugu Algoritmoen Erregistro Publikoa sortzea, EAEko Administrazio Publikoan erabiltzen diren sistema automatizatuak, adimen artifizialeko sistemak eta algoritmo guztiak jasoko lituzkeena; Datu Irekien Atari Bakarra sortzea, algoritmoen iturburu-kodea eskuratzeko herritarren eskubidea aitortzeko, informazio publikoa formatu ireki, estandar eta berrerabilgarrietan argitaratzeko sarbide komun eta zentralizatu baten bidez; eta sistema digitaletan software librea edo kode irekiko softwareak lehentasunez erabiltzea”.