AKTUALITATEA


| 2021-11-05 15:39:00

Etorkizuneko euskal hezkuntza sistemari buruzko hitzarmenaren oinarriak zehaztuko dituen ponentzia parlamentarioa bigarrenez batzartu da gaur eta, aurrerantzean erabiliko duen metodologia eta egutegia adosteaz gain, zehaztu du zein izango diren bertan agertuko diren erakunde, eragile eta adituak, “etorkizuneko hezkuntza sistema diseinatzeko eta berauk herri honek dituen beharrei erantzun diezaien funtsezkoa baita hezkuntza komunitate osoaren iritzia eta ekarpenak kontuan hartzea”, Ikoitz Arreseren esanetan.

Arresek azpimarratu duenez, “EH Bilduk eztabaida integrala nahi du, hezkuntza sisteman eragiten duten aldagai guztiak (euskalduntzea, segregazioa, teknologia berriak…) aintzat hartuko dituena, eta, beraz, urrats egokia da ponentziak proposatu ditugun 33 erakunde eta adituren agerraldiak onartu izana”. Hala, federazio independentistaren ekimenez, ondorengoak izango dira ponentziatik pasako diren eragileak:

Eskola publikoko gurasoen konfederazioa (EHIGE), eskola publikoaren zuzendaritza elkarteen federazioa (HEIZE), Ikastolen Elkartea, Kristau Eskola, EHU-UPV, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea (HUHEZI), LAB, STEILAS, ELA eta CCOO sindikatuak, Eusko Ikaskuntza, Euskalgintzaren Kontseilua, Soziolinguistika Klusterra, Aztiker soziologia ikergunea, Ikuspegi immigrazioaren euskal behatokia, Save the Children, Gasteizko Harro Plataforma, Amuge emakume ijitoen elkartea, Euskal Gazte Kontseilua (EGK), Ikama ikasle antolakundea, Errenteriako Udala, Hik Hasi, Oinherri, Urtxintxa Bizkaia, Hezkuntzan Librezale eta Sormenean Hezi, Kulturan Bizi ekimena.

Erakunde eta elkarte horiek ez ezik, hainbat adituk ere parte hartuko dute eztabaidan, EH Bilduk eskatuta: Iratxe Esnaola, Deustuko Unibertsitateko irakaslea eta Hezkuntzan doktorea; Karmele Perez eta Amelia Barquin HUHEZIko irakasleak; Xabier Besalú i Costa, Gironako Unibertsitateko Pedagogia irakaslea; Francesc Colomé, Espainiako Hezkuntza Ministerioko Lanbide Heziketako zuzendari nagusi ohia; Oriol Amoros, Generalitateko Berdintasun eta Migrazio idazkari ohia, eta Gonzalo Larruzea, Didaktikan doktorea.

Agerraldi horiez gain, EH Bilduk proposatutako bi bisita egitea erabaki du ponentziak. Bat, Kataluniara, Bartzelonara, auzo eta ikastetxearen aldeko lotura sustatzen duen “hiri hezitzailea’ proiektuaren nondik norakoak ezagutzeko, eta Vic-era, La Sinia ikastetxearen kultura eta hizkuntza aniztasunean oinarritutako proiektu inklusiboa ezagutzeko.

Bestea, Portugalera, bertako Hezkuntza ministroarekin biltzeko, PISA azterketan lortzen zituzten emaitza kaskarrak iraultzen jakin dutelako, nazioartean erreferente bilakatzeraino.