Julen Arzuagaren adierazpenak:
Otsailaren 2an Astigarragan Ertzaintzak egin zuen esku-hartze baten ondorioz, pertsona bat, Eneko Valdes Novoa, hilik suertatu zen. Herenegun familiak hainbat informazio publiko egin zituen, eta horren inguruan balorazio bat egiteko deitu dugu prentsaurreko honetara.
Gure aldetik, familiaren gertuko pertsonen bidez izan genuen gertaeren berri, Poliziaren basakeria neurrigabea eta desegokia zela uste zutena helarazi zigutelako. Astigarragako gobernuak berehala eskuratu zuen Udaltzaingoaren informazio guztia, ikerketa daraman epaitegira bidali zuen eta ni neu Arartekoarekin harremanetan jarri nintzen gertatutakoaren berri emateko eta bere esanetara jartzeko, gertatutakoa bere osotasunean iker zezala eskatzeko.
Orain, familiak aurrerapauso bat eman du: egun hartan gertatutakoari buruzko kontakizuna jendaurrean ezagutarazi du komunikabideen bitartez. Orain gizarteak badaki pertsona horrek ohiz kanpoko portaera zuela, drogen kontsumoaren ondoriozko krisi psikotiko bat izan zuelako. Horren aurrean, bizilagunek poliziaren esku-hartzea eskatu zuten, laguntza emateko asmoz. Valdes lasaitu egin zen udaltzainen eta auzokidea den erizain baten presentziarekin, laguntza egokia eman baitzioten pairatzen ari zen episodioaren aurrean.
Hala ere, Ertzaintza bertaratu zen, eta emandako datuen arabera, "Bizkor" Esku-hartze Azkarreko Unitateak egoeraren ardura hartu zuen. Eta hor berriz egoera larritu egiten da.
Salatu behar dugu esku-hartze bortitza eta opakoa egiten dute eskailera-buruan. Esku-hartze bortitza esaten dugu, hala adierazten dutelako argitaratutako argazkiek eta autopsian jasotako markek, zauriek, ubeldurek, saihets-hezur hautsiek.
Opakoa esaten dugu, ez dakigulako zer gertatzen den Ertzaintzaren eskuetan dagoen 40 minutu horietan, bestelako lekukorik gabe. Bizilagunek eta emazteak oihuak, intziriak eta kolpeak entzuten dituzten bitartean.
Esku-hartze bortitza eta opakoa, beraz, heriotza-ondorioa duena. Ez dakigu zehazki non hiltzen den ere, eskailera-buruan bertan edo osasun-zentro batera eraman behar zuen anbulantzian.
Esku-hartze bortitza eta opakoa, Ertzaintzak bakarrik dakielako zer gertatu zen eskailera-buru hartan 40 minutuz. Eta Ertzaintzaren arduradunek azalpen bat zor diote gizarteari. Azken muturreraino argitu behar dira gertaerak, oso larriak direlako.
Uste dugu Erkoreka jauna ezin dela isilik egon gertakari horien aurrean. Beraz, Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorraren aurrean ager dadila eskatu dugu, gertakariei buruzko azalpenak eman ditzan. Gobernua dago, eta merezi du kontrola eta jarraipena egitea. Gobernuari eusten dioten alderdiek ezin diote azalpenak eskatzeari ezezkoa eman, are gutxiago Poliziaren esku-hartze baten ondorioz hildako pertsona bat dagoenean eta familia bat suntsituta dagoenean.
Mahai gainean utzi nahi dugun galdera hauxe da: zer gehiago gertatu behar da? Zer gehiago gertatu behar da herri honetan segurtasunaren kudeaketa beste modu batekoa izan behar dela ondorioztatzeko? Azken asteetan ikusten ari garen sekuentziarekin, zer gehiago gertatu behar da polizia zerbitzua, herritarrek eskatzen duten moduan, giza eskubideen errespetuan emateko? Zer gehiago gertatu behar da herri honetan Poliziaren funtzioaren inguruko hausnarketa sakon bati ekiteko eta horren ondorioak praktikara eramateko?
Familiaren testigantza prentsan atera zenetik, Erkoreka isilik mantendu da. Ezin da gehiago ezkutatu. Ezin du saihestu azalpenak ematea. Ezin ditu estali ezagutu ditugun gertaera larri hauek. Benetan uste dugu gizartea Erkorekaren azalpenen zain dagoela.
Segurtasun Sailak gaur bertan argitaratu duen ‘azalpen-oharraren’ balorazioari buruz, uste dugu EH Bilduren ekimenaren aurrean prebentziozko oharra dela, baina gertatukoa argitu baino gehiago, are zalantza gehiago sortzen ditu. Hiru adibide: familiak salaketarik jarri ez izanak ez du ezer esan nahi; izan ere, epaitegia ari da ofizioz ikerketa egiten, Astigarragako Udaltzaingoari informazioa eskatu dio eta, gure ustez, Sailari ere bai. Arartekoarengana jotzeak, familiak egin duen bezala, datu guztiak argitzeko borondatea adierazten du. Bide batez, datu nahasgarriak, hala nola Bizkor Unitatearen jardunik eza, argazkien eta lekukoen arabera presente egon baitzen, normalean erabiltzen dituzten ibilgailuekin eta kaputxadun langileekin, eta horiek nekez lasaituko dute halako gertaera psikotikoa duen pertsona bat. Azkenik, 8. puntuan esan dute ez dutela daturik eta xehetasunik emango familiarekiko errespetuagatik. Ez dirudi oso argi dagoenik oharrak gertatutakoa argitzeko helburua zuen edo ez dutela egingo ziurtatzeko. Nolanahi ere, familiarekiko errespetua aipatzea onartezina da, Ertzaintzaren esku-hartzearen xehetasunak berak argitzea eskatzen duenean.