AKTUALITATEA


| 2022-12-01 10:52:00

EH Bilduk, sindikatu guztiekin bat eginez, Enplegu Publikoaren Legearen kontra bozkatu du gaur Legebiltzarrean, EAJ-PSE Gobernuak sustatu duen lege horrek ez duelako balio izango ez XXI. mendeko Administrazioaren eraldaketei aurre egiteko, ez zerbitzu publiko indartsuak bermatzeko. Legea PPren abstentzioarekin onartu izanak oso argi uzten du zein den Jaurlaritzak eman nahi izan dion norabidea.

Pazis Garciak lau puntutan laburbildu ditu legeak dituen gabezia nagusiak:

Lehenik eta behin, Europar Batasunean langileen %20 sektore publikoan aritzen direla eta EAEn portzentajea %12ra jaisten dela gogorarazi ostean, Garciak salatu du EAJk eta PSEk administrazio publikoak gizartearen beharren arabera dimentsionatzeari uko egin diotela. Hala, legeak ez ditu pribatizazioak edota azpikontratazioak mugatuko, zerbitzu publikoak nagusiki enplegu publikoaren bidez garatu behar diren arren. Alde horretatik, EH Bilduk langileen egonkortasuna bultzatzea proposatu zuen, behin-behinekotasun tasa %8 azpitik kokatzeraino, baina Gobernuko alderdien ezezkoa jaso zuen.

Bigarrenik, gaur onartutako legeak ez du aurrerapausorik ematen administrazio publikoak euskalduntzeko.

Hirugarrenik, nazionalitate extrakomunitarioa duten herritarrek diskriminaturik jarraituko dute, sektore publikoaren ateak itxita. Pazis Garciaren esanetan, “dezimononikoa da Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko herritar askok sektore publikoan ezin aritzea, lanpostu zehatz eta jakin batzuetan izan ezik, Europar Batasunetik kanpoko nazionalitatea edukitzeagatik”. Halaber, legeak ez du genero ikuspegia txertatu eta desgaitasuna duten pertsonen eskubideak indartuko.

Laugarrenik, legeak ez ditu sindikatuen parte-hartzea eta negoziazio kolektiboa indartuko. “Kontsultatzea eta informazioa ematea ez da negoziazio kolektiboa garatzea”.