EH Bilduk 50 zuzenketa partzial aurkeztuko dizkio Jaurlaritzak Legebiltzarrari igorritako Enplegu Lege Proiektuari, Pazis Garcia legebiltzarkideak iragarri duenez. Koalizioak lege proiektua hobetu nahi du zuzenketa horiekin, baina betiere argi edukita “legea defizit handi batekin jaioko dela, enplegu politika aktiboak bakarrik arautuko dituelako; pasiboak, langabezia prestazioei buruzkoak, ordea, kanpoan geratuko dira, horien inguruko transferentzia oraindik egin gabe dagoelako, nahiz eta Autonomia Estatutuan jasota egon eta legebiltzar honek eta gehiengo sindikalak aldarrikatzen duten. Beraz, lege mugatua izango da, ez baitu enplegu politika publiko integral bat garatzeko aukerarik emango”.
Abiapuntu horretatik, EH Bilduren zuzenketek helburu argia dute: “Enplegu Legeak Lanbide indartzeko balio behar du, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzu bezala indartzeko balio behar du”. Horretarako, azaldu du Pazis Garciak, “Lanbidek egun duen izaera juridikoari eutsi behar dio, erakunde autonomo gisa, figura horrek kontrol publikoa eta gardentasuna hobeto bermatzen dituelako. Lege Proiektuak, ordea, zuzenbide pribatuko erakunde publiko bihurtu nahi du, Funtzio Publikoaren txostena ere aldaketa horren aurkakoa izan arren”.
Legeak, halaber, Lanbidek beharrezko dituen baliabideak edukiko dituela bermatu behar du, bai pertsonal eta prestakuntza arlokoak, bai materialak, eta ahalbidetu behar du kooperatibak bertako Administrazio Kontseiluan sartzea. Garciaren ustez, “ez dago inolako justifikaziorik euskal kooperatiben mugimendua Lanbidetik kanpo uzteko, gizartean dituen sustraiengatik eta euskal ekonomian duen pisuagatik; Enplegu Legeak ezin du Confebasken betoa ontzat eman”.
Lanbide indartzeak, erantsi du Garciak, ekarri behar du “Lanbide erreferentzia nagusia bihurtzea etxeko enplegua kontratatzerakoan, bai sektore horretan lan bila ari diren pertsonentzat, bai enplegu-emaileentzat”, eta, horren haritik, “irabazi-asmoa duten enplegu-agentzia pribatuen esku-hartzea mugatu behar du”. Azkenik, “Lanbidek prestakuntza-ikastaroak euskaraz egiteko eskubidea bermatu behar du, eta euskararen ezagutza bultzatu, enplegagarritasuna hobetzeko elementu positibo gisa”.
Lanbideren jardunetik harago, EH Bilduren zuzenketek enplegu babestuari buruzko paradigma aldatzea ere dute helburu. “Desgaitasuna duten pertsonentzako enplegu-politika publikoek enplegu babestua dute oinarri gaur egun, enplegu ireki eta inklusiboa sustatu beharrean. Enplegu Legeak paradigma hori aldatzeko balio behar du, desgaitasuna duten pertsonak lan merkatu arruntean txertatzeko”.
Gazteriari dagokionez, Garciak azpimarratu du “gazte enplegua sustatzeko programek kalitatezko enplegua bermatu behar dutela, Administrazioak ezin duelako diru publikoa erabili enplegu prekarioa sortzeko erabili, hori baita orain arte gertatzen ari dena”.
Amaitzeko, enplegua eta lana sinonimotzat hartzen dituen terminologia berrikustearen alde agertu da EH Bilduko legebiltzarkidea. “Lege proiektuak ez ditu termino horien arteko bereizketarik egiten, baina ekonomia feministak aspaldidanik bereizten ditu lana eta enplegua. Enplegua soldata baten truke egiten den lana baino ez da. Bi kontzeptu horien arteko bereizketak bizitzaren sostengu-lanak ikusarazten ditu, lan-merkatutik kanpo eta soldatarik gabe egiten direnak, batez ere emakumeen bizkar geratzen direnak. Lege honek enplegua bakarrik arautzen du, eta horrela izendatu behar da”.