AKTUALITATEA


| 2025-05-05 09:53:00

Osasun Sailak Donostiako Osasun Hiria deituriko azpiegitura sanitarioa definitzeko eta garatzeko lanak abiarazi dituela kontuan hartuta, EH Bilduk proiektu horretan heliazalera bat txertatzeko proposamena aurkeztu du Legebiltzarrean, “azpiegitura horrek pazienteen emergentziazko lekualdatzeak hobetzea ahalbidetuko duelako”, Rebeka Uberak adierazi duenez. “Gaur egun Osakidetzaren helikopteroak Intxaurrondoko suhiltzaileen basea erabiltzen du, eta hortik anbulantzia batek eramaten ditu pazienteak Donostia Ospitalera. Ospitaleak heliazalera bat izango balu, denborak murriztuko lirateke, bai eta pazienteak leku batetik bestera mugitzeak dituen arriskuak ere. Donostiakoa da, gainera, horrelako azpiegitura bat ez duen EAEko ospitale unibertsitario bakarra”.

EH Bilduko legebiltzarkidearen iritziz, “herenegun gertatu zenak heliazalera horren beharra frogatzen du; izan ere, paziente bat Donostia Ospitalera zeraman helikoptero medikalizatu batek Begiristain Doktorea kalean lurreratu behar izan zuen, eta horrek trafikoa moztera behartu zuen, auto-ilara luzeak sortuz”. EH Bilduk 2023an proposatu zuen lehen aldiz heliazalera eraikitzea, baina ekimena ez zen osoko bilkurara iritsi, legealdia hortik gutxira amaitu zelako.

Donostiako Osasun Hiriaren kontzeptuaren baitan, heliazalera ez ezik, Gipuzkoako Emergentziak ESIko koordinazio zentro zein anbulantzia base berri bat ere eraikitzea proposatu du Uberak. “Osasun Sailak berak aitortu du koordinazio zentro horrek gaur egun dituen instalazioak ez direla egokiak, eta espazio berri bat proiektatzeak anbulantzia base bat bertan kokatzeko aukera ere emango luke”.