EH Bilduk Jaurlaritzak eta foru aldundiek adostutako Ekarpen Lege berriaren kontrako botoa eman du gaur Legebiltzarrean. Leire Pinedoren esanetan, “lege honek ez ditu konpontzen azken urteotan baliabideen banaketaren inguruan instituzioen artean egon diren desadostasunak eta sakoneko arazoak, eta ez du udal finantzazio egokia, nahikoa eta egonkorra bermatzen”. Azaldu duenez, “10 urte luzeko atzerapenarekin iritsi arren, lege honek ez die konponbiderik ematen urteetan agerikoak izan diren arazo eta desorekei, eta bete gabe uzten ditu duela bost urte onartutako Udal Legean jasotako hainbat konpromiso. Urte luzeetan erakundeen artean egon diren tirabirak isilarazi dituzte EAJk eta PSEk, baina ez diote sakoneko irtenbiderik eman, arazoaren muinari behar bezala heldu ez diotelako; finantzazio eredu berri bati ekiteko aukera galdu egin dute”.
EH Bilduko legebiltzarkideak gogora ekarri du Ekarpen Legeak berez izan beharko lukeen helburua “udalek, aldundiek eta Jaurlaritzak biztanleen beharrak asetzeko eta herri honek behar duen garapen maila ziurtatzeko eskuragarri izango dituzten baliabideen banaketa finkatzea” dela. Praktikan, ordea, ez da hala, “ez duelako bermatzen udalek beren eskumeneko zerbitzuak herritarrei eskaini ahal izateko beharrezkoa den finantzazioa izango dutenik”. Izan ere, legea Jaurlaritza eta aldundien arteko akordioaren emaitza da eta “udalei, Eudeli, eman zaion aukera bakarra akordiora atxikitzea izan da”. Pinedok salatu duenez, “udalak berriz baztertu dituzte, bigarren mailako erakundeak balira bezala, eta legea adosteko prozesutik kanpo utzi dituzte, nahiz eta haientzat Ekarpen Legea, udal finantzazioa ezartzen duen heinean, funtsezkoa den”.
Udalak ez ezik, gainerako alderdiak ere prozesutik kanpo geratu dira, kritikatu du EH Bilduko legebiltzarkideak. “Non geratu da hainbestetan aldarrikatzen duzuen auzolana? Legea onartuko duzue, baina porrot politikoa da, urteak eta urteak bueltaka ibili ostean, gehiengo absolutuarekin soilik izan zarete gai lege hau aurkezteko, oposizio osoa kontra non eta herri honen egitura instituzionalean oinarrizkoa den lege batean”.
Legearen edukiari dagokionez, ez dakar aldaketa nabarmenik Gobernuaren eta foru aldundien arteko baliabideen banaketan: koefiziente bertikala apenas aldatzen da (%70,04tik %70,81era igotzen da) eta horizontaletan ez dago inolako aldaketarik. Hau da, Ekarpen Lege berri honek ez du aldundien arteko finantzazio desoreka konpontzen eta denbora kontua da orain arteko arazo berberak berriz ere azaleratzea, horri ez zaiolako irtenbide sendorik ematen.
Legeak arautzen duen Egokitzapenerako Funts Orokorrari dagokionean ere ez dago funtsezko aldaketarik, legeak 2019tik aplikatzen ari zen prozedura berberari eusten baitio. Ondorioz, hainbeste urtetan izandako arazoak isilarazi dira, baina herrialdeen arteko benetako oreka finantzarioa lortzeko aukera galdu da; ez du sakoneko konponbiderik ematen ez zaiolako arazoaren muinari behar den moduan heltzen.