AKTUALITATEA


| 2020-04-20 13:46:00

Osasun Sailak lehenbailehen hasi behar du EHUk Covid-19 detektatzeko garatutako testak erabiltzen, ezinbestekoa eta premiazkoa baita egunero milaka proba egitea birusaren detekzio azkarra eta kutsaduraren katea etetea ahalbidetzeko. Helburu horrekin, EH Bilduk legez besteko proposamena aurkeztu du gaur Legebiltzarrean, Diputazio Iraunkorrean premiaz eztabaidatzeko. Ekimen horren bitartez, koalizioak Jaurlaritzari eskatzen dio EHUko ikerlarien lanari jarraipena eman diezaiola eta haiek garatutako teknika hori berehala baliozkotzeko behar diren baliabideak jar ditzala, premiaz erabilgarri egon dadin. Halaber, EH Bilduk Osasun sailburu Nekane Murgaren agerraldia ere eskatu du Diputazio Iraunkorrean, koronabirusari aurre egiteko hartu dituen eta hartzen ari den neurriak eta, oro har, zein den estrategia orokorra azaltzeko.

Rebeka Uberak azpimarratu duenez, “birusaren detekzio azkarra funtsezkoa da Covid-19aren prebentziorako, fokuak detektatzeko, kutsaduraren katea eteteko eta jarraipena egiteko; beraz, ezinbestekoa da herritarren artean ahalik eta proba gehien egitea, deskonfinamendu faseetan ere bai, hasierako puntura itzultzeko arriskua uxatu eta orain arte egindako esfortzu guztia alferrikakoa izan ez dadin”.

Hori dela eta, EHUk garatutako PCR probak merkeak direla eta egunero 10.000 test egiteko aukera emango luketela jakinda, “ez da ulertzen zergatik orain arte hain proba gutxi egin diren, horren arrazoia planifikazio gabezia ez bada”. Horri jarraituz, Carlos III Institutuak EHUren PCR probak baliozkotzat jo dituela eta “orain arte Jaurlaritzaren aldetik PCRak, hain justu, proba fidagarrienak direla esan zaigula” gogorarazi ostean, Uberak adierazi du ulergaitza dela “Osasun Sailak orain arazo teknikoak jartzea EHUren testak egiteko, proba kopurua areagotzeko aukera dagoenean”; eta “arazo teknikoak baldin badaude”, erantsi du, “lanean jar dadila arazo horiek konpontzeko ahalik eta proba gehien egiteko, ez gaude eta denbora galtzeko”.

Zentzu horretan, EH Bilduko legebiltzarkideak berandu ibiltzea egotzi dio Osasun Sailari: “lehen positiboa otsailaren 29an izan genuen, baina apirilaren 18ra arte ez du erabaki testak Osakidetzako langile guztiei egitea; ekimena hartzeko unea da, ez aitzakiak jartzekoa, funtsezkoa da probak egitea eta berandu goaz”.