AKTUALITATEA


| 2025-05-30 08:57:00

EH Bilduren ekimenez, Legebiltzarrak tokiko merkataritzaren hainbat zerbitzu modernizatzeko laguntzen kudeaketan hobekuntzak egiteko eskatu dio gaur Jaurlaritzari, koalizio abertzaleak EAJ eta PSErekin hala adostu eta gero. Batetik, laguntza horien kreditu erabilgarria handitzeko aukera aztertuko du Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak, baldintzak betetzen dituzten guztiek laguntza hori jaso ahal dezaten; gaur hori ez dago bermaturik, baldintza guztiak beteta ere, eskabide ugari kanpo geratzen direlako kreditua agortzen denean. Horren ildotik, Naiara Fernandez Madariaga EH Bilduko legebiltzarkideak gogora ekarri du iaz Gobernuak 1.500 eskari jaso zituela eta, horietatik, 199 laguntzarik gabe geratu zirela, kasu askotan laguntzen aurrekontua agortu zelako.

Bestetik, gaurko akordioari esker, Jaurlaritzak laguntza horien ordainketa egiteko irizpideak aldatzea aztertuko du laguntzaren %70 berehalakoan ordaintzeko, ebazpena argitaratzen denean, eta gainerako %30a, egindako jarduerak eta gastuak justifikatu ondoren. “Merkatariek beraiek behin baino gehiagotan eskatu dute hori, ordainketa aurreratzea, alegia, askotan egiten duten inbertsioa oso altua delako, eta horrek esfortzu ekonomiko handia eskatzen duelako”, azaldu du legebiltzarkideak.

Fernandez Madariaga pozik agertu da EAJ eta PSErekin sinatutako akordioarekin, “tokiko merkataritza sustatzea garrantzitsua delako, sektore horrek duen dimentsio ekonomiko eta sozialagatik”. Izan ere, “EAEko BPGaren %11,5 da, 36.000 enpresa txiki eta 135.000 langilerekin”, baina, ohartarazi duenez, “gainbeheran dago, gero eta denda txiki gehiago ixten baitira: 2.000 biztanletik beherako herrietan tokiko merkataritza %26ra jaitsi da azken 15 urteetan”.