EH Bilduk akordio zabal bat sustatu du gaur Legebiltzarrean EAJ, PSE eta Sumarrekin Jaurlaritzari eskatzeko gaueko aisialdiko lokaletako onarpen eta segurtasun zerbitzuak arautzen dituen erregelamendua aztertu eta, hala badagokio, aldatu dezan. Gorka Ortiz de Guinea legebiltzarkideak osoko bilkuran aurkeztu duen proposamenaren jatorrian Gasteizko Mitika diskotekan otsailaren 23an gertatu zen hilketa dago, bertako atezainak egindako “hilketa horrek erakutsi digulako legean aldaketa batzuk egin behar direla, halako tragediak ez daitezen berriz gertatu ez Gasteizen, ez inon”.
Adostutakoari jarraiki, Legebiltzarrak Jaurlaritzari eskatu dio “araudia azter dezala eta, hala badagokio, alda dezala, onarpen-zerbitzuetako langileen indarkeriazko portaera zantzuen aurrean, berme juridiko osoarekin eta oinarrizko eskubideak errespetatuz”. Alde horretatik ere, eskatu dio langile horien prestakuntzan eta ebaluazioan “oinarrizko eskubideen errespetuari buruzko edukiak sor ditzala, indarkeria matxistak, LGTBlfobia, arrazakeria eta egoera pertsonal edo sozialagatiko beste edozein diskriminazio prebenitzeko”. Halaber, Gobernuari eskatzen zaio “gaueko aisialdiko lokaletan onarpen- eta segurtasun-zerbitzu pribatuek araudia betetzen dutela bermatzeko” eta udalekin elkarlanean, ertzainen eta udaltzainen artean, “gaueko aisialdian delitu-ekintzen prebentzioa indartzeko”.
Horren harira, Ortiz de Guineak atezain batzuen jarrera biolentoaz ohartarazi du, eta horren aurrean neurriak hartzeko obligazioa azpimarratu. “Ezin da onartu atezain batzuen aldetik jarrera biolentoak, arbitrarioak eta neurrigabeak daudela jakitea eta ez egitea ezer, edo udal batek erantzutea ez duela ezer egin behar, ardura harena denean, edo horrelako pertsona bat atezaina izatea. Mitikan gertatu dena ezin da errepikatu, eta horretarako araudia zorroztu behar da”.
EH Bilduko legebiltzarkideak Mitika diskotekan eraildako gaztearen gurasoek talde parlamentarioei egindako eskaria ere mahaigaineratu du, beharrezko erreformak galdegin baitituzte gai honetan instituzio bakoitzari dagozkion “eskumenak argitu, erakundeen betebeharrak indartu eta udalei tresna eraginkorrak emateko, erakunde bakoitzak argi izan dezan nola jokatu behar duen antzeko egoeretan”. Hori horrela, Ortiz de Guineak azpimarratu duenez, “guraso hauei ez diegu semea bueltatuko, baina kargu publikoak garen aldetik, legean hutsuneak daudenean, derrigorrez aldaketak bultzatu behar ditugu. Orain Jaurlaritzak bere lana egin behar du”.