AKTUALITATEA


| 2025-05-28 11:25:00

EH Bilduren proposamen bati jarraiki, Jaurlaritzak Trebiñuko enklabean erroldatuta egonik EHU-Euskal Herriko Unibertsitatean ikasten duten pertsona guztiek diru-laguntzak jasotzeko aukera aztertuko du juridikoki, Trebiñu Araban integratzeko prozesua amaitu bitartean. EH Bilduk hala adostu du gaur Legebiltzarrean EAJ eta PSErekin, Trebiñuko bizilagunek “anakronismo baten ondorioz” pairatzen duten bidegabekeria amaitzeko. Izan ere, “ez zaie eskubide osoko arabar gisa tratatzen, eta gainerakook normaltzat jotzen ditugun eskubideak baliatzeko zailtasun eta oztopo ugariri aurre egin behar diete”, Itxaso Etxebarriak salatu duenez.

EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu duenez, Trebiñuko umeek Euskal Eskola Publikoan ikasteko aukera dute, eta Araban egin dezakete batxilergoa edo Lanbide Heziketa, bai eta bekak jaso ere, baina Unibertsitatera iritsita, diru-laguntzak jasotzeko eskubidea galtzen dute, EAEn erroldaturik ez egoteagatik. “Sinestezina bada ere, 18 urte betetzen dituztenean arabarrak izateari uzten diote bat-batean, eta hori onartezina da. Bekak eta horrelako laguntzak emateko zailtasun juridikoak egon daitezkeela ulertzen dugu, Trebiñuko testuinguru bereziaren ondorioz, baina bertako bizilagunek gure erkidegoko eskubide osoko herritarrak izan behar dute, eta dagozkion formulan bilatu behar ditugu euren eskubideak modu integralean bermatzeko. Trebiñuko bi ordezkari agertu ziren 2018an Legebiltzarrean EHUn pairatzen duten egoera honetaz ohartarazteko, baina harrezkeroztik ezer ez da aldatu. Bada garaia arazoa konpontzeko”.