AKTUALITATEA


| 2023-05-04 14:06:00

EH Bilduk aurkeztutako proposamen bati esker, Legebiltzarrak Jaurlaritzari eskatu dio lan espazio bat sor dezala alor exekutiboarekin, legislatiboarekin eta sozialarekin sexu-orientazio eta identitatearekin lotutako gorroto delituei aurre egiteko. EH Bilduk EAJ, PSE eta Elkarrekin Podemos-IUrekin adostu duen akordioaren arabera, foro edo mahai horrek eraso LGBT+fobikoei buruzko informazio osoa bildu eta kudeatuko du, prebentzioa egingo, aholkularitza eta laguntza emango eta eraso horien aurrean gizartea sentsibilizatuko, betiere LGBT+ pertsonen diskriminazio oro desagerrarazteko helburuarekin.

Ikoitz Arresek, gaurko akordioaren sustatzaileak, LGBT+fobiaren aurkako politika integralak eskatu ditu, sexu orientazioagatik egindako eraso kopurua igotzen ari delako, 2022an 2021ean baino %31,5 gehiago, Ertzaintzaren datuen arabera. “Eraso LGBT+fobikoak gertatzen dira homosexualen, lesbianen, bisexualen edota transexualen aurkako gorroto diskurtsoak gero eta ohikoagoak direlako eta, are gehiago, diskurtso horiek ordezkaritza politikoa dutelako, gure instituzioetan eta hedabideetan daudelako”. Horren aurrean, azpimarratu du Arresek, “LGBT+fobiari prebentzioarekin, kontzientziazioarekin eta kolektibo ezberdinen arteko elkarlanarekin egin behar zaio aurre”.

EH Bilduko legebiltzarkidearen iritziz, norabide horretan doa gaur adostutakoa, Jaurlaritzak eratu beharko duen mahaiak “indarrak batzea eta toki berdinera heldu nahi dugunon arteko koordinaziorako espazio bat edukitzea” ahalbidetuko duelako, herri batzuetan jada egiten ari diren moduan. “Ez gara zerotik hasten, EH Bildu hainbat herritan ari baita LGBT+ politikak garatzen: Errenterian, Ordizian, Zumaian, Legorretan, Hernanin, Iruñean (Harrotu zerbitzua) edota Nafarroan (Kattalingune). Eredu positiboak dira guztiak, eta gehiago aipatu nitzake”.