AKTUALITATEA


| 2021-06-23 13:40:00

Mikel Oterok iragarri duenez, Euskal Energia Ituna bideratzeko eta trantsizio energetikoaren bidez klima aldaketari aurre egiteko ibilbide-orria diseinatzeko EH Bilduk EAJ eta PSErekin lortu duen akordioa ofizialduko du bihar Legebiltzarrak. EH Bilduko legebiltzarkideak akordioaren garrantzia azpimarratu du: “Klima larrialdia aurre egin beharreko erronka handietako bat dugu eta, horretarako, trantsizio energetikoan abiadura hartu behar dugu. Adostasun handiak eta zabalak behar dituzten plangintzak egin behar ditugu, trantsizio energetikoaren erronka gobernuetatik harago doalako eta gizarte osoa inplikatuko duelako”.

EH Bilduk, EAJk eta PSEk sinatutako akordioak Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Euskal Legeari begiratzen dio. Oterok azaldu duenez, ahalik eta lasterren aurkezteko eskatzen zaio Jaurlaritzari, baina hortik harago doa. Izan ere, lege horrek izan beharko duen orientazioa zehazten du. Adostutakoaren arabera, legeak “autokontsumoa indartu, energia berriztagarrien hedapena zabaldu eta trantsizio energetikoa bidezkoa izango dela bermatu beharko du”.

Halaber, akordioak “herri honetako inteligentzia kolektibo osoa aktibatzea” ahalbidetuko duen batzorde txostengile bat sortzea aurreikusten du, eta hori bereziki garrantzitsua da Oterorentzat, “deskarbonizazioa datozen urte eta hamarkadetan izango dugun erronka handiena delako eta hori denon artean egin behar dugulako, erronka horrek gobernuak eta alderdiak gainditu eta gure etorkizuna zein hurrengo belaunaldiena markatuko baitu”. Legebiltzarkideak azaldu duenez, ponentzia horrek karbonogabetze prozesuan jarraitu beharreko irizpide eta ildo estrategikoak zehaztuko dituen txosten bat aurkeztu beharko du urtea amaitu aurretik.

Horren harira, Oterok erantsi du “oraindik ez dugula deskarbonizazio-estrategia argi bat”, eta Jaurlaritzak egun darabiltzan plangintzak berritzeko eta eguneratzeko beharra azpimarratu du, “desfasaturik daudelako, EB-Europar Batasunak berriki ezarritako helburuak txertatu gabe”. Gogora ekarri duenez, 2030erako berotegi efektuko gasen isurketak % 55 murriztu behar dira, 1990. urtearekin alderatuta, baina bide horretan EAE oso atzeratuta dago. "Gure isuriak EBko batez bestekoaren gainetik daude eta oso erritmo motelean murrizten ari gara, 30 urtetan jaitsiera % 10ekoa baino ez delako izan”.