EH Bildu akordio batera heldu da Jaurlaritzarekin eta berau sostengatzen duten bi alderdiekin, EAJ eta PSErekin, alegia, Suteen Prebentzio eta Itzalketako eta Salbamenduko Zerbitzuei buruzko Legea onartzeko, EAEko suhiltzaileen lehenengo legea. Mikel Oterok akordioaren berri eman du gaur goizean, behin zuzenketen eztabaida amaituta, eta Legebiltzarrak azaroan onartuko du lege berria, beraz. “Orain arte, suhiltzaileak eta suhiltzaile zerbitzuak larrialdien azpiatal gisa erregulatuak zeuden, eta orain lege propio bat izango dute, lege garrantzitsua da”.
EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu duenez, legeak suhiltzaileen lanaren ikuspegi zaharkitua gainditu eta dagozkien funtzioen ikuspegi integral bat jasoko du, euren jardunaren eguneroko errealitateari egokituta. “Legean zerbitzuen funtzioen katalogo zabal bat zehazten da, eta zaharkiturik gelditu den eskema gainditu; hau da, suhiltzaileak sua itzaltzen duena gehi zerbait gehiago izateari uzten dio, eskema hori atzean utzita, eta larrialdi mota guztietan funtzio anitzak dituen agentea izatera pasatzen da, legea bere lanaren eguneroko errealitateari egokituta”.
Funtsezkoa den ikuspegi integral hori txertatzetik harago, EH Bilduk lortutako akordioari esker “legean zerbitzuen barruan kategoria bakoitzaren funtzioak modu koherentean definitzen dira; aginte eskalak argitzen dira eta zerbitzu guztietan hiru aginte maila operatiboak bermatzen dira; zerbitzuetan komunikazio operadorearen figura ezartzen da; genero ikuspuntu batetik, emakumeen eskubideak zabaltzen dira, umeak izan eta gero bigarren aktibitatea bi urteetara luzatzeko aukera emanez; kategoria batzuetan txanda librean eskaini daitezken lanpostuei muga jartzen zaie, eta, azkenik, funtsezko kontu gisa, azkenaldian polemika iturria izan den neurrian, lege proiektuak Arkauteko Akademiari oposizioak diseinatzeko ematen zion aukera desagertzen da”.
Mikel Oterok akordioaren gaineko irakurketa positiboa egin du, Legebiltzarrak “beharrezkoa eta ona den lege bat” onartuko duelako, eta azpimarratu du EH Bilduk sustatutako akordioak suhiltzaileen ordezkaritza sindikal eta profesionalaren oniritzia ere baduela, suhiltzaileen aldarrikapen nagusiak jaso dituelako. Izan ere, “lege proiektua jaso eta lanketa berezi bat abiatu genuen haiekin; beraiek, aurretik, hobekuntza esparruak ongi identifikatuak eta landuak izateak lana asko erraztu zuen, eta lan horren emaitza izan ziren adostu genituen 23 zuzenketak, betiere suhiltzaile zerbitzuak hobetzeko logikarekin egindakoak”.
EH Bilduko legebiltzarkideak gogora ekarri du legearen onespenarekin amaituko den prozesua 2015ean hasi zela, Jaurlaritzak orduan aurkeztu baitzuen lehenengo lege proiektua, “kontu oso kaltegarri batzuk planteatzen zituena eta suhiltzaileen partetik ezezko borobila jaso zuena; oraingoan, aldiz, oinarri hobeagotik abiatzen ginen eta tramitazioan zehar hobekuntza nabariak txertatu ditugu hasierako testuan, gainera”.