AKTUALITATEA


| 2024-09-16 11:41:00

Jaurlaritzako sailburuak gaur hasi dira Legebiltzarrean aurkezten zein izango diren haien lan-ildoak hasi berria den XIII. Legealdian zehar. Testuinguru horretan, Ibone Bengoetxea lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren agerraldia baliatuz, Oihana Etxebarrietak zehaztu ditu Kultura arloan, EH Bilduren ustez, herri honek dituen erronka nagusiak.

Lehenik eta behin, Etxebarrietak “euskararen biziberritzean berrindartze-aro berri bat hasteko jauzia” egin beharra aipatu du. “Euskara ezagutu eta ulertzen duten herritarren kopurua igo egin behar da, euskararen ezagutza eskubide sozial eta unibertsala izatea lortu behar dugu, eta horretarako euskararen arkitektura juridikoa gaurkotzeko eta berritzeko momentua da orain. Euskararen ezagutza bermatzeko legea onartzeko eta euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizko legea eguneratzeko momentua da orain”.

Bigarren herri erronka, azaldu du EH Bilduko legebiltzarkideak, “euskarazko kulturaren sorkuntza eta kontsumoa handitzea da, bai eta bertan jarduten duten profesional eta enpresen egoera hobetzea ere”.

Hirugarrenik, “geuretik, geure ikuskeratik, sortutako kultura garaikidean jauzi” egin beharra nabarmendu du. “Euskarazko fikzioan, arte eszeniko eta plastikoetan,  urtean eskala handiko ekoizpen-kopuru handia sortu, kultur-industria sendo bat eta sorkuntza-sare profesional, berdinzale eta egonkor bat martxan jartzeko unea da, nazioarteko goi mailako zirkuitu, festibal eta plataformetan merezi dugun ikusgarritasuna, irisgarritasuna eta lehiatzea lortzeko”.

Azkenik, euskal komunikazio esparru aurreratu, erreferentzial eta iraunkor bat egituratzeko erronka aipatu du Etxebarrietak. Azaldu duenez, “ikus-entzunezkoena sektore estrategikoa da, ekonomiaren, gizarte kohesioaren eta, bereziki, herri baten hizkuntzaren eta kulturaren ikuspegitik”. Hori dela eta, “euskal komunikazio esparru autozentratu, anitz eta profesional bat” eratu beharra aldarrikatu du, eta horretan EITBk jokatu behar duen funtzioa azpimarratu. “EITBk erreferentziazko komunikazio korporazio publiko, aurreratu eta nazionala izan behar du, euskara eta euskal kulturaren transmisioan, konfiantzazko informazioaren hedapenean, eta gainerako komunikazio sistema komunitario aberatsarekin elkarlanean jardungo duena”.