AKTUALITATEA


| 2025-12-17 13:43:00

EH Bilduk aintzat hartu du presidente espainolak garraio publikoaren erabilera sustatzeko iragarri duen 60 euroko bonu bakarra, neurri horrek egun indarrean dauden deskontuak 2026. urtean zehar luzatzea ahalbidetuko baitu. Orain Jaurlaritzari eta aldundiei dagokie Madrilen onartutako deskontuak osatzeko konpromisoari eustea, egun aplikatzen diren deskontuak mantendu ahal izateko.

Helburu horrekin, EH Bilduk galdera-sorta aurkeztu du Legebiltzarrean eta Batzar Nagusietan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako instituzioek azal dezaten egun indarrean dauden deskontuak 2026ko abenduaren 31ra arte luzatzeko prest dauden.

Halaber, Susana Garcia Chueca Mugikortasun Jasangarriaren sailburuarengana ere jo du, Sanchezek iragarritako bonu bakarraren inguruan dituen asmoak eta iritzia eman ditzan. Izan ere, EH Bilduren ustez, programa hori hemengo instituzioek adostutako Tarifa-Sistema Integralaren osagarri izan daiteke, baina ezin du, inondik inora, sistema berri horren aplikazioa baldintzatu edo atzeratu. Tarifa-sistema berriak progresiboa izan behar du, hau da, prezioek garraio publikoaren erabileraren eta erabiltzaileen errentaren araberakoak izan behar dute.

EH Bilduk ezinbestekotzat jo du jauzi bat egitea, urte bukaeran Madrilen berritzen den eta nahiko zehaztugabea den deskontuen egungo sistematik EAEn garraio publikoa erabiltzen duten herritarren beharrei eta espektatibei erantzungo dien sistema propio batera pasatzeko, arrazoi asko baitaude tarifa-sistema propio hori lehenbailehen martxan jartzeko: sozialak, ingurumen arlokoak, lurralde orekari eta kohesio sozialari buruzkoak, eta abar.