AKTUALITATEA


| 2026-01-09 11:50:00

Elgoibar eta Tolosako anbulantzia medikalizatuen publifikazioak bertako langileentzat ondorio larriak izan ditzakeela kontuan hartuta, EH Bilduk ezinbestekotzat jo du Legebiltzarreko Osasun Batzordea urtarrilean aktibatzea, afera hori argitzeko, nahiz eta jarduera parlamentarioa hilabete honetan etenda dagoen. Hori dela eta, koalizio independentistak batzorde horren habilitazioa eskatu du gaur, Elgoibar eta Tolosako anbulantzietako langileen ordezkariak eta Osasun sailburu Alberto Martinez lehenbailehen bertan ager daitezen, zerbitzu horren publifikazioaren xehetasun guztiak lehen eskutik ezagutzeko, betiere prozesua berme guztiekin burutu dadin. Rebeka Uberak adierazi duenez, “funtsezkoa da Legebiltzarrak publifikazio prozesuan inplikaturiko alde guztiei entzutea, ahal den heinean, elkarrizketa, negoziazioa eta, azken batean, publifikazioa bultzatzeko”.

Orain arte Ambulancias Gipuzkoa enpresaren esku egon diren Elgoibar eta Tolosako anbulantzia medikalizatuen kudeaketa beregain hartu zuen Osakidetzak duela hiru egun, eta, Osakidetzak berak eman duen informazioaren arabera, hilaren 12an anbulantzia horietako langileen subrogazioa formalizatuko du. Hala ere, Uberak ohartarazi duenez, “ez Osakidetzak, ez Osasun Sailak ez dituzte prozesu horren inguruabar guztiak argitu, ez eta zein izango den langile horien etorkizuna zehaztu ere, eta horrek, normala denez, kezka eta ezinegona areagotu ditu langileen artean. Izan ere, ematen ari zaien tratua ez da onargarria. Horregatik da hain garrantzitsua Osasun Batzordean zehaztasun guztiak lehenbailehen ezagutzea, haiek eta haien familiek ezin dutelako otsailera arte itxaron, Legebiltzarra ohiko funtzionamendura itzuli arte, alegia”.