Araba, Bizkai eta Gipuzkoako administrazio publikoetan hizkuntza-eskakizunen sistema blindatzea helburu, Enplegu Publikoaren Legea aldatzeko mahai gainean dauden bi lege proposamenen tramitazioak, EH Bildurenak eta EAJrenak, lehenengo fasea amaitu du gaur. Bi ekimenei buruz iritzia emateko gonbidatutako adituen eta eragileen agerraldiak, 29 guztira, bukatu dira, eta ondorio argi bat utzi dute, Josu Aztiriaren ustez: “Enplegu Publikoaren Legea aldatu beharra dago, egungo egoerari ezin zaio eutsi, eta EH Bilduk aurkeztutako proposamena da egokiena, eztabaidarako oinarri onena eskaintzen duena, legelari, aditu eta eragile gehienentzat”.
Aztiriak azaldu duenez, “gure proposamenak oinarri garbia du: gaztelaniaren ezagutza ez ezik, euskararena ere derrigorrezko egitea Administrazioan lan egin ahal izateko, printzipio orokor hori malgutasunez aplikatuta. Hau da, lanpostu batzuetan geroratu ahal izango da ezagutza frogatu beharra, eta ezagutza hori frogatu gabe lanean hasiko direnei ikasteko aukera zabala, malgua eta pertsonalizatua emango zaie”.
Bere iritziz, agerraldiek, oro har, EH Bilduren proposamenaren sendotasuna eta zilegitasuna indartu dituzte. “Gure proposamenak segurtasun juridikoa bermatzen du, berdintasun handiagoa ematen du eta eskubide gehiago aitortzen ditu. Izan ere, agerraldien ondorio nagusiak honakoak izan dira: Administrazio Zuzenbideko adituek azaldutakoaren arabera, gure proposamenak berme konstituzional guztiak dauzka, Katalunian, Galizian, Valentzian eta Balearretan indarrean dagoen eredutik edaten baitu; progresibotasun eta malgutasun tresnak dauzka, testuinguru soziolinguistiko desberdinetara, lanpostuen ezaugarri espezifikoetara eta Administrazioren antolamendura egokitzeko aukera ematen dutenak; baldintzak sortzen ditu euskararen biziberritzean Administrazioak izan behar duen trakzio-papera aurrera eramateko; hizkuntza-eskubideak edonon eta edonoiz bermatzeko aukera ematen du, euskara ikasteko aukerak zabaltzen ditu eta Administrazio bakoitzari bere hizkuntza-plangintza aurrera eramateko aterbea eskaintzen dio”.
Euskararen normalizazioaren aurkako erasoaldiak etenik ez duela ikusirik, EH Bilduko legebiltzarkideak azpimarratu du Enplegu Publikoaren Legearen erreformari dagokionez “hartuko ditugun erabakiek berebiziko garrantzi estrategikoa izango dutela, lege horren erreforma lehen geltokia baita euskararen aurkako erasoaldia geratu eta babes juridikoa emateko”.
Hori dela eta, arduraz eta erabakimenez jokatzera deitu du, “hurrengo asteetan erabaki beharko dugulako hizkuntza politikari blindaje juridikoa ematen diogun eta euskararen normalizazioari bultzada berria ematen diogun edo, aldiz, sistema publikoa oldarraldi juridiko eta politikoaren menpe uzten dugun”.
EH Bilduren iritziz, “elkarguneak egon badaude, norabide egokian aurrera egiteko; izan ere, inork ez du zalantzan jartzen hizkuntza-eskubideak babestu behar direla, hizkuntzen arteko berdintasuna; ibilbidea progresiboa izan behar dela eta Administrazio bakoitzak zehaztu behar duela bere bidea”.