AKTUALITATEA


| 2025-12-18 14:00:00

EH Bilduren proposamen bat aintzat hartuta, Legebiltzarrak Jaurlaritzari eskatu dio gaur diru laguntza-lerro berri bat abian jar dezala, Soldata Arrakala murrizteko Plan Operatibo berriaren esparruan, lanaldi partzialeko kontratuak lanaldi osoko kontratu bihurtzeko, partzialtasuna nahi ez den kasuetan. EH Bilduk hala adostu du EAJ eta PSErekin, lanaldi osoko kontratazioak sustatzea helburu.

Halaber, hiru alderdien arteko akordioak iruzurrezko kontratazioari ere erreparatzen dio. Zehazki, Jaurlaritzari eskatzen zaio praktika horren kontrako talka-planak mantendu ditzala, plan horietan enpresen ikuskapena eta kontrola barne hartuta, lanaldi partzialeko kontratuen portzentajea %50etik gorakoa den kasuetan.

EH Bilduko legebiltzarkide Edurne Benito del Vallek ekarri du gaia mahai gainera, azken urteetan lanaldi partziala lehen mailako arazo bilakatu delako lan-harremanetan. “Azken hamarkadan lanaldi partzialeko enplegua maila gorenera iritsi da EAEn, eta horrek ondorio larriak ditu. Arazoaren muina argia da: kontratu partzial gehienak ez dira borondatezkoak, langile askok ez dute lanaldi osoan aritzeko aukerarik, eta horrek esan nahi du nahi baino gutxiago lan egin eta, ondorioz, bizitzeko behar adina diru ez irabaztea”.

Horren ildotik, Benito del Vallek gaurko akordioaren garrantzia nabarmendu du, lanaldi partzialak ugaritzearen ondorioz gazteek eta emakumeek bereziki pairatzen duten prekarietatearen aurka egiteko balioko duelako. Izan ere, “lanaldi partzialek gazteei eta emakumeei eragiten diete bereziki. 2023ko datuen arabera, lanaldi partzialean ari diren soldatapekoen proportzioa handiagoa da gazteen artean 30 urtetik gorakoen artean baino, eta alde nabarmena dago emakumeen eta gizonen artean adin-talde guztietan. Desberdintasunik handiena, hala ere, emakume gazteen eta gizon gazteen artean ematen da: emakume gazteen %35,9k lanaldi partzialean lan egiten dute; gizon gazteen kasuan, berriz, %18,4k. Horrek ondorio argi bat uzten du mahai gainean: lanaldi partzialaren bidez genero-desberdintasuna ez ezik, belaunaldi-arrakala ere areagotzen ari gara. Prekarietatea eta soldata-arrakala, neurri handi batean, partzialtasunarekin lotuta daude, eta egoera hori bereziki gordina da gazteen artean, eta are gehiago emakume gazteen kasuan”.