Pasa den astean Osasun Sistema Publikoaren egoera sakon aztertzen duen 150 orri baino gehiagoko diagnostikoa aurkeztu ostean, EH Bilduk bi proposamen zehatz defendatu ditu gaur Legebiltzarrean, Osakidetzaren gainbehera gelditu eta zutik jartzeko duen konpromisoari segida emanez. Rebeka Uberak azaldu duenez, “Osakidetzaren atal guztietan badago zer hobetu eta zer zuzendu, eta gu horretan ari gara etengabe, xede hori duten neurriak proposatzen; ez dugu kritika soilean geratu nahi, proaktiboak izan nahi dugu, hori delako herritarrekin dugun konpromisoa”.
Borondate horren isla dira Uberak berak gaur Osasun Batzordean egin dituen proposamenak. Lehena, emakumeak euren fase biologiko guztietan ekitatez artatzeko, “osasun arretan genero ikuspegia behar bezala txertatzea falta delako oraindik ere eta, horren ondorioz, emakumeen kasuan ugalketa prozesuei begiratzen zaielako nagusiki”. Hori aldatu beharra aldarrikatu du Uberak, eta norabide horretan, emaginen plantilla handitzeaz gain, euren funtzioak zabaltzeko eskatu du, “gaur egun erditzeari lotuta daudelako batez ere”.
EH Bilduko legebiltzarkideak gaur defendatu duen bigarren proposamena bihotz-geldialdien artarako estrategia bat ezartzea izan da, “gaur egun Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 75 bihotz-geldialdi inguru gertatzen direlako hilabetean ospitalez kanpo eta patologia hori pairatzen duten pertsonen % 8 besterik ez dagoelako bizirik urtebetera”. Azpimarratu duenez, “emaitza horiek nabarmen hobetu daitezke, bihotz-geldialdiak artatzeko estrategia oso bat garatuz gero; Danimarkak eta Norvegiak, adibidez, aspaldian abiatu zuten halako estrategia bat, eta emaitzak askoz hobeak dira han”.
Tamalez, ez lehenengo proposamena, ez bigarrena ez dira onartuak izan.