AKTUALITATEA


| 2024-10-17 09:26:00

EH Bilduk, EAJk eta PSEk akordioa lortu dute eta Etxebizitza eta Hiri Agendaren Sailari eskaria egin diote igogailuen irisgarritasun eta berrikuntza hobetzeko laguntzen onuradun potentzialen errenta-tarteak zabaltzeko aukera azter dezan.

Proposamen honen helburua da pertsona gehiagok diru-laguntza horietara sarbidea izatea, babes publikoko etxebizitzetarako ezarritakoan oinarrituta eta betiere aurrekontu-baliabideen eskuragarritasunaren arabera.

Gainera,  nabarmentzen da indarrean dagoen araudia (2021eko uztailaren 21eko Agindua) aldatzearen garrantzia, 355/2024 Errege Dekretuaren ildotik segurtasun-neurriak txertatzeko. Horrela, EH Bilduk bermatu du irisgarritasun eta segurtasun hobekuntzak pertsona gehiagorengana iristea.

Xabier Astigarragak oso modu positiboan baloratzen du akordioa, beste behin ere EH Bilduk herritarrentzat hobekuntzak lortzeko adostasunak biltzeko duen gaitasuna erakusten duelako. Pello Otxandianok joan den astean herritarrentzat onuragarriak diren akordioak lortzeko elkarlanean aritzeko beharrari buruz esandakoarekin koherentzian, gaurkoa norabide egokian emandako urrats bat gehiago dela uste dugu.