EH Bilduk osasun garraio osoa publifikatzearen aldeko aldarrikapena berretsi du gaur Legebiltzarrean, bistakoa delako orain arteko eredua, alegia, zerbitzu hori emateko enpresa pribatuak kontratatzearena, huts egiten ari dela, Rebeka Uberak adierazi duenez. Bere iritziz, paradigmatikoa da, alde horretatik, Araban eta Bizkaian anbulantzia ez asistentzialak eta larrialdietakoak kudeatzen dituen Grup La Pau enpresarekin gertatzen ari dena, ez delako kontratuan ezarritako baldintzak betetzen ari, lan hitzarmena urratzeaz gain. “Osasun Sailari dagokio zerbitzu horren erantzukizuna, baina kudeaketa kanporatzen du eta ardura berea ez balitz bezala jokatzeko ohitura du. Ez du bere ardura betetzen eta ondorioa zerbitzuaren kalitatea urratzea da. Osasun garraio programatuan eta emergentzietan kalitatezko zerbitzua bermatzeko ardura Osasun Sailarena da, eta, horretarako, bitartekoak eta langileen lan baldintza egokiak ziurtatu behar ditu”.
EH Bilduko legebiltzarkideak “orain arte garraio zerbitzuan hobekuntzak txertatzeko eta zerbitzua zuzenean kudeatzeko borondaterik ez edukitzea” egotzi dio Osasun Sailari, nahiz eta “anbulantzien eremuan gertatzen ari dena larria den. Ea gaur Legebiltzarrean azaldu duen borondatea konpromiso eta neurri zehatzetan gauzatzen duen”.
Norabide horretan, egungo egoera zuzentzea premiazkoa delakoan, osasun garraio osoa publifikatzeko urratsak egiten hasteko eskatu dio Jaurlaritzari, Nafarroan, adibidez, jada hasi diren bezala. “Pazientea erdigunean izanda, horrek ahalbidetuko luke itxaronaldiak murriztea, denborak hobeto kudeatzea, pazientearen segurtasun klinikoa lehenestea, langileen prestakuntzari behar duen tokia eta garrantzia ematea, baliabideak modu egokiagoan antolatzea eta langileen lan baldintzak bermatzea, besteak beste”.