Guggenheim Urdaibai proiektuaren inguruan hartu beharreko erabakietan Busturialdeko herritarren hitza eta erabakimena errespetatzeko proposamen bat ipini du mahai gainean EH Bilduk gaur Legebiltzarrean. Pasa den larunbatean Gernikan egindako manifestazioa gogora ekarrita, Oihana Etxebarrietak egiaztatu du “Busturialdeko herritarrek ez dutela Guggenheimik egiterik nahi Urdaibain”. “Haien hitza errespetatzea eskatu dute eta hemen mahai gainean jarri dugun proposamenak hori bideratzeko saiakera da, herritarren hitzaz gain, erabakimena ere errespetatuko duen mekanismo bat ezarri behar baita”.
Bigarren aldarrikapen horrek ezinezko egin du akordioa EAJrekin eta PSErekin, proiektuaren inguruan haiek planteatzen duten entzuketa faseak ez duelako inondik inora jasotzen eskualdeko herritarren erabakia errespetatzeko inolako konpromisorik. Izan ere, Guggenheim Urdaibai egiteko erabakia aldez aurretik hartuta egotearen arriskuaz ohartarazi du Etxebarrietak: “Prozesu honek bide bat egin behar du eta ezin du amaiera aldez aurretik idatzia izan; hau ez dugu egingo Guggenheim bat legitimatzeko, hau eskualdeak behar duelako egingo dugu, aurreiritzirik gabe eta aldez aurretiko inposaketarik gabe”.
Alde horretatik, EH Bilduko legebiltzarkideak azpimarratu du Busturialdean ireki beharreko prozesu parte hartzaileak eskualdeko “suspertze ekonomiko eta sozial baterako proposamen partekatu bat sortzea” izan behar duela helburu, Guggenheim Urdabai proiektutik harago, bata eta bestea “bi prozesu aparte direlako”.
Halaber, gardentasuna eskatu du Etxebarrietak, “Jaurlaritzak eta inplikatutako gainerako instituzioek informazioa eman dezatela, herritarrei irekitako foroetan, non haien galderak erantzuteko aukera egongo den. Gardentasun ariketa bat eskatzen dugu, azalpen argiak, zein urrats egin diren orain arte, zein erabaki hartu diren, zein analisi dagoen proiektuaren atzean, ze txosten edo informek sostengatzen duen proiektu honen jarraikortasuna. Eta herritarrei eskura ematea, aurpegira kontatzea, aurpegia ematea, hitz egitea eta entzutea, herritarrek proiektu konkretu honekiko dituzten galderak entzun eta erantzutea. Dagoeneko iragarri den entzuketa faseak ezin du amaiera hori egintzat eman. Zertarako entzun, zertarako hitz eginarazi, egin, egingo bada? Aurreiritzirik gabe irekitzen den, gardena izango den eta erabakimena herritarren esku ere utziko duen prozesu bat martxan jarri behar da”.