AKTUALITATEA


| 2025-04-09 09:52:00

Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Gogora Institutuak “herri honen iraganeko gertakizun, kontakizun eta bizipen anitzen kontakizun partekatuak eraikitzeko baliagarria izan beharko luke”, azpimarratu du gaur Eraitz Saez de Egilaz EH Bilduko legebiltzarkideak, baina, salatu duenez, norabide horretan aritu beharrean, Gogorak “iraganaren irakurketa partzialak eta batzuetan interesatuak egiten jarraitzen du”.

Saez de Egilazek hala esan dio bertako zuzendariari, honek Institutuaren plangintza aurkezteko Legebiltzarrean egin duen agerraldian, eta, horren ildotik, iraganeko “bizipen, min eta zauri guztiak” aintzat hartu, kontatu eta erreparatu beharra aldarrikatu du, “herri gisara iruditegi kolektibo seguru eta justuak eraikitzeko”. Izan ere, “errelatoa ez da sekula bat eta bakarra izango; biktima guztiek eta kontakizun guztiek lekua izan behar dute instituzioetatik eraiki beharko litzatekeen memoria askotariko eta kolektibo horretan. Kontaketa polifoniko bat behar da, ahots anitzak, denetarikoak, kontuan izango dituena”.

EH Bilduko legebiltzarkideak gogora ekarri duenez, Memoriaren Institutuaren partzialtasunaren adibide argia da bere zuzendaritza-kontseilua bera, legealdiaren hasieran EAJk eta PSEk Estatuaren biktimen ordezkariak kanpo uztea erabaki baitzuten. “Aniztasuna ordezkatzeko aukera bati uko egin zitzaion orduan, eta biktimen artean dagoen asimetria areagotu”.

Alde horretatik ere, 2024ko urriaren 12an Guardia Zibilari eginiko omenaldia kritikatu du Saez de Egilazek, Estatuaren indarkeriaren biktima batzuk biltzen dituen Memoria Osoa elkarteak ere salatu zuena, ekitaldi hark “umiliatu eta birbiktimizatu” egin zituelako. “Hispanitatearen gorazarre sutsua bai, baina Guardia Zibilak herri honetan sortutako beldur eta eragindako sufrimenduari buruz ez genuen hitzik entzun instituzio publikoetako ordezkarien partetik. Jarraipenak, mehatxuak eta torturak eguneroko ogi izan dira herri honetan, eta hori Estatuak erabili duen indarkeria sistematikoaren erakusle da. Nola da posible indarkeria mota hau instituzionalki legitimatzea eta goraipatzea? Nola da posible min batzuk ez ikustea eta biderkatzea? Uste dugu alborapena nabaria dela, eta halakoek mesede eskasa egiten diote bizikidetzari eta normaltasun demokratikoari”.

“Partzialtasun ia kroniko horren beste adibide bat” aipatu du legebiltzarkide independentistak, bihar bertan Oldartzen ponentziaz aritzeko Gogorak 400 ikaslerekin antolatu duen topaketa, hain zuzen ere. “Justizia sailburuak gazteek iragana ezagutu behar dutela dio, baina iraganaren parte batez ari da behin eta berriz”.