Osasun Sailak Donostiako osasun hiria handitzeko egitasmoa iragarri duela kontuan hartuta, EH Bilduk proiektu horretan heliazalera bat txertatzeko proposamena aurkeztu du Legebiltzarrean, “azpiegitura horrek pazienteen lekualdatzeak hobetzea ahalbidetuko lukeelakoan”, Rebeka Uberak azaldu duenez. “Gaur egun Osakidetzaren helikopteroak Intxaurrondoko suhiltzaileen basea erabiltzen du, eta hortik anbulantzia batek eramaten ditu pazienteak Donostia Ospitalera. Ospitaleak heliazalera bat izango balu, denborak murriztuko lirateke, bai eta pazienteak leku batetik bestera mugitzeak dituen arriskuak ere. Donostiakoa da, gainera, horrelako azpiegitura bat ez duen EAEko ospitale unibertsitario bakarra”.
Heliazalera ez ezik, Gipuzkoako Emergentziak ESIko koordinazio zentro berri bat ere eraikitzea proposatu du Uberak. “Koordinazio zentro horrek gaur dituen instalazioak ez dira egokiak, eta espazio berri bat proiektatzeak anbulantzia base bat bertan kokatzeko aukera ere emango luke”.
Azkenik, EH Bilduko legebiltzarkideak azpimarratu du Donostiako osasun hiriaren kontzeptuak azpiegituretatik harago joan behar duela eta Osakidetzaren kontratazio politikaren aldaketa ere ekarri behar duela, “zerbitzu guztietan behar adina profesional bermatzeko”.