EH Bilduk akordio zabala lortu du gaur Legebiltzarrean EAJ, PSE eta Sumarrekin, Jaurlaritzak, Lan Agintaritzak zehazki, enplegua erregulatzeko espedienteen gaineko kontrola –2012an PPren lan erreformaren ondorioz galdu zuena– berreskuratu dezan. Koalizio independentistak helburu horrekin egindako proposamena aintzat hartuta, Legebiltzarra Langileen Estatutua aldatzearen alde agertu da, Lan Agintaritzak aldez aurretik baimena ematea ezinbesteko baldintza izan dadin erregulazio espedienteak onartzeko, enplegua eta enpresen bideragarritasuna babesteko asmoz. Hala zen 2012ra arte, Rajoyren Gobernuak lan erreforma inposatu zuen arte, eta gaur egun espediente horien inguruko erabakiak enpresen esku geratzen dira, indarrean dagoen erregulazioak enpresei “langileak kaleratzeko ahalmen osoa” ematen dielako, Pazis Garciak gogorarazi duenez.
EH Bilduko legebiltzarkideak gaurko akordioaren balioa azpimarratu du, “erregulazio espediente batean, kaleratze kolektiboetan, enpresen eta langileen arteko gatazketan, ordezkaritza sindikalarekin akordiorik ez badago, erabakia ezin delako geratu alde bakar baten eskuetan, enpresaren eskuetan, Lan Agintaritzaren eskuetan baizik. Enplegu politika publiko ororen helburua ez da bakarrik kalitatezko enpleguaren sorrera sustatzea; helburuak ere izan behar du egungo enplegua eta jendea babestea, enplegua suntsitzen duten enpresen erabaki arbitrarioen aurrean”.
Egungo erregulazioarekin, enpresei langileak kaleratzeko ahalmen osoa emanda, kaleratutako langileei eta sindikatuei epaitegietara jotzea baino ez zaie geratzen, eta, batzuetan han irabazi arren, Glavista, Maderas de Llodio, PCB-ITP Aero eta Tubacex enpresen kasuetan bezala, horrek ez dakar lanpostuak berreskuratzea. Aiaraldea, adibidez, oso modu bortitzean astintzen ari diren erregulazio bidegabe horiek guztiak eragoztea da, hain zuzen, EH Bilduren ekimenaren xedea. “Nahi dugu erregulazio espedienteak eta kaleratze kolektiboak ez izatea zailtasun ekonomikoak dituzten enpresetan ezartzen den lehenengo irtenbidea, askotan bakarra, inolako baimen publikorik gabe”.
Horren haritik, Garciak Jaurlaritzaren datu ofizialak ekarri ditu gogora: iaz Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 1.200 langile kalean geratu ziren erregulazio espedienteen ondorioz, 2024an baino %28 gehiago. Igoera hori, enpleguaren kalitatearen debaluazio orokorra bezalaxe, PPren lan erreformaren ondorio dira, salatu duenez, Lan Agintaritzak aurretik baimena emateko betebeharra ezabatu baitzuen, enplegua erregulatzeko espedienteetarako. “PSOE-Podemos Gobernuak Rajoyren erreforma osorik indargabetzea adostu zuen 2021ean EH Bildurekin, baina ez zuen hitza bete eta zati batzuk indarrean mantendu zituen, hala nola Lan Agintaritzaren aurretiazko baimenaren baldintza ezabatzen zuena. Horregatik, besteak beste, derogazio partzial haren kontra bozkatu genuen, eta hori da gaur Legebiltzarrean adostu dugunarekin konpondu nahi duguna, Lan Agintaritzari 2012ra arte zeukan ahalmena itzultzeko”.