EH Bilduren mozio bati jarraiki, Legebiltzarrak Jaurlaritzari eskatu dio berdelaren kuota murrizteak euskal arrantzaleentzat ekar ditzakeen galera ekonomikoak konpentsatzeko mekanismoak aktibatzeko aukera azter dezala. Koalizio independentistak hala adostu du EAJ eta PSErekin. Akordioaren arabera, Lakuako Gobernuak erakunde eskudunei eskatuko die, baita ere, “azter dezatela jarduera aldi baterako gelditzea bultzatzeko aukera, espezie horren biomasa berreskuratzea errazteko”. Halaber, Jaurlaritzari eskatzen zaio AZTI erakunde zientifikoak berdelaren stock biologikoaren egoeraz Atlantikoan egiten dituen ikerketak babesten jarrai dezala, baliabide horren kudeaketa jasangarria oinarri zientifikoarekin bermatzeko, euskal flotak bere jarduerari eutsi ahal diezaion, bereziki amu eta tresna txikiekin arrantzatzen duen flotak.
Berdelaren stock-aren egoera larria eta arrisku biologikoa aintzat hartuta, Europar Batasunak espezie horren arrantza-kuota %73ra murriztea erabaki duela azaldu du Naiara Fernandez Madariaga EH Bilduko legebiltzarkideak, eta ohartarazi du “murrizketa horrek ondorio negatiboak izango dituela berdelaren arrantzan espezializatutako euskal arrantzaleentzat, ontzi askorentzat egoera jasanezina egiteraino”.
Hori dela eta, gaurko akordioaren garrantzia azpimarratu du, “beharrezkoa eta premiazkoa baita epe labur eta luzerako neurriak hartzea, bai berdelaren stock-aren berreskurapena bermatzeko, bai euskal flotaren errentagarritasuna hobetzeko. Euskal flotarik jasangarriena da arriskuan dagoena, eta guri dagokigu flota hori babestea eta laguntzea”.