EH Bilduren iritziz, Guggenheim museoa Busturialdera hedatzeko proiektuari buruz eskualde horretan egindako entzute prozesua “praktika eredugarria izan da”, demokrazia deliberatiboan aurrera egiteko balio izan duena, herritarren parte-hartzea ahalbidetu baitu proiektu horren inguruko eztabaidan eta erabakian. Bada, entzute prozesu horren balioa aintzat hartuta, koalizio independentistak eredu hori bera trantsizio energetikoaren arloan baliatzea proposatu du gaur, klimaren aldeko itun soziala elikatzeko.
Izan ere, Amancay Villalbak adierazi duenez, “jendeak zergatik hartu den erabaki bat ulertzen duenean, erabaki horren parte izan dela sentitzen duenean, zilegitasun demokratikoa areagotzen da, gatazkak gutxitu egiten dira eta trantsizio energetikoaren aldeko konpromiso soziala indartzen da. Eztabaida-prozesu horiek erakundeen jarduna hobetzen, osatzen eta aberasten dute, tokiko ezagutza txertatzea funtsezkoa baita bermatzeko trantsizioa bidezkoa izango dela, inor atzean utziko ez duela eta kostuak eta onurak modu ekitatiboan banatuko dituela”.
Villalbak gogorarazi du Trantsizio Energetikoari eta Klima Aldaketari buruzko Legeak eskualde mailako prozesu parte-hartzaileak sustatzea agintzen duela, EH Bilduk hala eskatu zuelako, proiektu energetikoek tokiko biztanleriaren beharrei eta borondateari erantzuten dietela bermatzeko. Jaurlaritza, baina, ez da prozesu horiek martxan jartzen ari eta, hortaz, ez da legea betetzen ari, eledun subiranistak salatu duenez. “Horrek gatazkak eta minak irekitzea ekarri du, plangintza sendo eta bateraturik ez dagoelako, energia berriztagarrien hedapenari dagokionez. Plangintza hori gabe, proiektu horiek ezartzeko orduan lehenengo iristen denak erabakitzen du, eta horrek kaos izugarria sortu du, haserrea eta, are okerragoa dena, trantsizio energetikoa lidergo publikorik gabe utzi du”.