AKTUALITATEA


| 2026-03-05 10:22:00

Tubos Reunidos enpresaren egoera larriak eta Aiaraldea azken urteotan pairatzen ari den industriaren gainbeherak kezkatuta, EH Bilduk akordio zabala sustatu du gaur Legebiltzarrean, Jaurlaritzak Tubos Reunidos enpresaren etorkizunaren alde egin dezan, proiektu industrial serio, sendo eta bideragarri baten eskutik, eta enplegu industrialaren aldeko apustua egin dezan, Aiaraldea ahalik eta lanpostu gehien mantentzeko.

Horretarako, inplikatutako eragile guztien parte-hartzea bultzatzeaz gain, EH Bilduk EAJrekin eta PSErekin sinatutako akordioak Aiaraldeko Plan Estrategikoa garatu beharra aldarrikatzen du, eta Europar Batasunean euskal industria siderurgikoa defendatu dezala eskatzen dio Jaurlaritzari, altzairuaren merkatuaren erregulazioari buruzko eztabaidan euskal industriaren interesak babesteko, altzairuaren deribatuei Karbonoaren Mugak Doitzeko Mekanismoa aplikatzeko lan egiteko eta industria elektrointentsiboaren kostuak murrizteko neurriak sustatzeko.

Ander Goikoetxea EH Bilduko legebiltzarkideak elkartasuna adierazi eta mezu politiko argia bidali die haien lanpostuen defentsan borrokan ari diren Tubos Reunidoseko langileei: “Industria enplegua defendatzeko prest gaude, Aiaraldeak ezin duelako beste kolperik jasan. Tubos Reunidosen egoera ez da kasu isolatu bat, ez da enpresa bakar baten arazoa, eskualde oso baten arazoa baizik”.

Aiaraldeak azken urteetan pairatu duen industriaren gainbehera oso larria izan dela eta urte gutxitan bere aberastasun errealaren %20 galdu duela gogorarazi eta gero, Goikoetxeak Tubos Reunidosek eskualdean duen garrantzia azpimarratu du. “Enpresa horren etorkizuna –azaldu du– eskualde osoaren etorkizunarekin lotuta dago; horregatik, gaur eztabaidagai dugun ekimenak helburu zehatza du: Tubos Reunidosen etorkizuna bermatzeko neurriak aktibatzea, eta, horretarako, industria proiektu serio, sendo eta bideragarri bat behar da, altzairutegia proiektu horren erdigunean ipiniko duena, horrek malgutasuna emango diolako enpresari eta ezinbesteko aktiboa delako etorkizunean egin beharreko eraldaketen aurrean”.

Halaber, funtsezkotzat jo du “Lan Agintaritzak Enplegu-Erregulazio Espedienteak baimentzeko eskumena berreskuratzea, 2012. urtera arte izan genuen eskumena”. Izan ere, “espediente horiek kaleratzeak egiteko erraztasun gehiegi ematen ditu, eta hori izan zen Lan Erreformari ezezko botoa emateko arrazoi nagusia. Eskumena berreskuratu beharra dugu; bestela, enpresek erraztasun gehiegi dituzte langileen aurrean, kaleratzeak gauzatzeko”.