AKTUALITATEA


| 2026-03-06 10:55:00

EH Bilduk azalpenak eskatu dizkio gaur Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburu Mikel Jauregiri, pasa den astean Petronorrek Muskizen duen findegian gertatu zen istripua, inguruko biztanleriaren osasuna arriskuan jarri zuena, dela eta Jaurlaritzak hartu zituen prebentzio neurriak, bai eta hartu ez zituenak ere, argitzeko. Bentzenoa substantzia toxikoa eta kantzerigenoa dela ohartarazi eta gero, Amancay Villalba legebiltzarkideak salatu du “onartezina dela Petronorren gertatu dena; Jaurlaritzak ez ditu bere erantzukizunak bete eta langileen eta inguruko bizilagunen osasuna arriskuan jarri du”. Horren haritik, Petronorren isuriak kontrolatzeari dagokionean utzikeriaz aritzea egotzi dio Jaurlaritzari, eta exijitu otsailaren 26ko bentzeno ihesa sakon ikertzeko eta halakorik berriz ez gertatzeko neurriak hartzeko.

Villalbaren esanetan, “akats larriak gertatzen ari dira, eta lehenengo arduraduna Petronor bada ere, Jaurlaritzak ere badu erantzukizuna, berari dagokiolako inspekzioak egitea, airearen kalitatea neurtzea eta kontrolatzea eta biztanleriaren osasuna zaintzea. Hala eta guztiz ere, zerbait huts egiten ari da, eta ondorioak Petronorreko langileak eta inguruko bizilagunak ordaintzen ari dira. Bai Gobernua, bai enpresa utzikeriaz jokatzen ari dira, eta hori onartezina da jokoan dagoena jendearen osasuna delako”.

Otsailaren 26ko istripuari dagokionez, EH Bilduko legebiltzarkideak gogorarazi du Petronorren findegiko bentzeno ihesa, legez ezarritako mugak nabarmen gainditu zituena, goizean gertatu zela, baina Jaurlaritzak ez zituen prebentzio neurriak hartu iluntzera arte, Muskizeko bizilagunei leku itxietan egoteko gomendioa eman zienean, alegia. “Hain berandu ibiltzea ez da onargarria, eta iluntzera arte informaziorik eman ez izana ere ez”.

Areago, Villalbak sailburuari eskatu dio argitzeko zer gertatu zen Petronorren arratsalde horretan zehar Jaurlaritzak gauean etxean konfinatzeko gomendioa eman behar izateko, goizeko isurien ostean, orduak pasa ahala, kutsadura apaldu baldin bazen, teorian behintzat. “Zeozer gertatu zen ordu horietan eta ez duzue kontatu? Edo ez zarete gai izan neurriak behar zirenean hartzeko? Zergatik pasa ziren hainbeste ordu neurririk hartu gabe? Zer aldatu zen goizetik arratsaldera bitartean? Zergatik ez zen informazioa lehenago eman?”.

EH Bilduko legebiltzarkideak salatu du, halaber, Petronorren istripuak ohiko bilakatu direla, eta horrek kontrol neurriak zorroztea behar-beharrezko egiten duela. “Industria jarduera guztiek ingurumen-araudia bete behar dute, eta Jaurlaritzak bermatu behar du Petronorrek, bai eta beste enpresa guztiek ere, behar bezala betetzen dutela legea”.