EH Bilduren proposamen bati jarraiki, Legebiltzarrak indarkeria matxistari buruzko informazioa tratatzeko dekalogoa eguneratzeko eskatu dio Jaurlaritzari, talde independentistak EAJ eta PSErekin hala adostu eta gero. Oihana Etxebarrietak akordioaren garrantzia nabarmendu du, “dekalogoa sinatu zuten komunikabideek hartu zituzten konpromisoak betetzeko sistemak hobetuko direlako; izan ere, hedabide batzuek behin baino gehiagotan urratu dute sinatutakoa, indarkeria matxistaren berri ematean”. Halaber, akordioak “komunikabideentzako baliabideen gidak sortzea” aurreikusten du.
EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu duenez, ‘Emakumeen aurkako indarkeriaren informazio-tratamendurako dekalogoa’ 2016an sustatu zuen Begira batzordeak, Emakunderi atxikitako Publizitate eta komunikazio ez-sexista erabiltzeko aholku batzordeak, alegia, eta hainbat komunikabidek sinatu zuten orduan. Hala ere, EH Bilduk eskatuta, 2023an ikerketa batek urtean zehar jazotako erailketa matxisten inguruko albisteak aztertu zituen: agerian utzi zuen dekalogoaren betetze maila minimoa dela, eta hobetu beharreko zenbait alor identifikatu zituen. “Adibidez, biktimaren eta bere seme-alaben intimitatea babesteko neurriak behar direla, baliabideen eta laguntza-telefonoen informazioa eduki guztietan txertatu behar dela, iturri adituen erabilera handitu behar dela, erantzukizuna emakumeen bizkar jar dezaketen baieztapenak saihestu behar direla, etab.”.
Gaurko akordioak –azpimarratu du Etxebarrietak– egoera hori zuzentzea du helburu. Hala, EAJ eta PSErekin adostutakoaren arabera, Jaurlaritzak dekalogoa eguneratuko du, hobekuntzak txertatzeko eta konpromisoen betetze mailaren jarraipena egiteko, bai eta betetzeko sistema hobetzeko ere. Halaber, dekalogoari lotutako eragileen prestakuntza sustatuko du, eta tresnak ere eskainiko die. “Sortu beharko duen erraminta kit horrek, besteak beste, indarkeria matxistaren gainean iritzi aditua eman dezaketen adituen gida, komunikabideetan azaldu beharreko telefono eta babes baliabideen gida eta bestelako edozein baliabide bildu ahalko ditu”. Azkenik, lnternet, sare sozial, bideo joko eta sistema informatikoei buruzko dekalogo espezifiko berri bat ere egingo du.