AKTUALITATEA


| 2026-02-06 09:06:00

EH Bilduren iritziz, iraungitako txertoen auzia larria da bere horretan eta “ezin da ez erlatibizatu, ez minimizatu”, hamarnaka pertsona behar besteko babesik gabe geratu direlako gaixotasunen prebentzioaren aldetik, eta, hortik harago, azaleratu du Osakidetzan egiturazko arazoek konpontzeke jarraitzen dutela. Rebeka Uberak hala esan dio gaur Legebiltzarrean Osasun sailburuari: “Osakidetza legegintzaldi hasierako egoeran dago. Pare bat sute itzali dituzu, eta ondo egindakoak aitortu ditugu, baina hemen egiturazko arazoek bere horretan jarraitzen dute”.

Horren haritik, EH Bilduko legebiltzarkideak Osakidetzak “beste kudeaketa eredu bat behar” duela aldarrikatu du, “marketin gutxiago egingo duena eta Osakidetzaren antolaketan dauden egiturazko arazoei soluzioak emango dizkiena”, hain zuzen. Izan ere, Uberak salatu duenez, “Jaurlaritzak Osakidetza aldatu dela eta gauzak konpondu direla saldu nahi izan du legealdia hasi zenetik, baina krisi honek erakutsi digu hori ez dela horrela. Osakidetzako egiturazko arazo horiei aurre egitea baino gehiago, Osasun Sailaren kezka nagusia Osakidetzari buruzko pertzepzio soziala aldatzea izan da. Etengabe ibili da salmentan, iragarpenetan eta kontakizun baten eraikuntzan”.

Uberak aintzat hartu du sailburuak barkamena eskatu eta ardurak onartu izana, baina horrek ez du Osasun Sailak egin duen kudeaketa garbitzen, ez eta larritasuna kentzen ere. “Larria da oraindik ez jakitea zer gertatu den, arazoa zein izan den, eta bereziki kezkatzen gaitu familien eta profesionalen egoerak, profesional horiek seinalatuta geratzen ari baitira, haiek ere biktima bihurtuta. Berriz galdetzen dugu: zer gertatuko zen EH Bilduk gertakari hauek salatu ez balitu? Zeren eta sailburuak ez du arazo bat EH Bildurekin, bere kudeaketa ereduarekin baizik. Osakidetzako egiturazko arazoei behingoz aurre egiten hasiko den Osasun Sail bat behar dugu, eta EH Bilduk borondate osoa du norabide horretan lan egiteko”.