Gutxieneko soldata propio baten alde ELA, LAB, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek martxoaren 17rako deitutako greba orokorraren atarian, EH Bilduk aldarrikapen hori bera ipini du mahai gainean gaur Legebiltzarrean, eta, Confebasken blokeoa salatu ostean, Jaurlaritzari eskatu dio argitzeko “nola behartuko duen patronala negoziatzera, zein urrats zehatz egingo dituen EAEn gutxieneko soldata propio bat bermatzeko”. Arkaitz Rodriguezek interpelazio zuzena egin dio Lan eta Enplegu sailburuari norabide horretan. “Ala Confebasken betoa onartzen jarraituko du?”.
Alde horretatik, EH Bilduko legebiltzarkideak gogorarazi du patronala dela behin eta berriz gai horretaz sindikatuekin negoziatzeari uko egiten ari zaiona, eta beto horren aurrean Jaurlaritza erakusten ari den jarrera kritikatu du, praktikan beto hori onartzen ari delako. “Ustezko ekidistantzia-jarrera bat hartu du, baina ekidistantzia horrek ez du neutraltasunik adierazten, botere handiagoa duenari egiten diolako mesede; hau da, patronalari”. Hortaz, “zirt edo zart egin beharra dago: edo hilabete amaierara iristen ez diren langileen alde zaude, edo edozein aurrerapen blokeatzen dutenen alde. Edo langileen alde, edo gero eta mozkin handiagoak pilatzen ari den patronalaren alde”.
Horren haritik, Rodriguezek Confebasken blokeoa Legebiltzarrean errepikatzea egotzi die halaber EAJri eta PSEri, gutxieneko soldata propioaren aldeko herri ekimen legegilea eztabaidatu ere egin gabe atzera botatzeagatik, “aurrekari antidemokratiko larria” dena, bere irudiko.
Azkenik, EH Bilduko legebiltzarkideak EAEn gutxieneko soldata propio bat ezartzearen onurak azpimarratu ditu, areago “euskal gizartean prekarietatea normalizatu egin denean eta eguneroko ogi bihurtu denean biztanleriaren zati esanguratsu batentzat”.