AKTUALITATEA


| 2023-09-21 14:40:00

EH Bilduk akordio bat sustatu du gaur Legebiltzarrean EAJ eta PSErekin, udal haur eskoletan ere doakotasuna bermatzeari begira, Haurreskolak Partzuergoari atxikitako zentroetan dagoeneko gertatzen den moduan. Ikoitz Arresek gogora ekarri du alde horretatik egun egoera ezberdina dela udalerri batetik bestera: batzuetan, ahalmen ekonomikoa dutelako, udal haur eskolak doakoak dira, baina beste batzuek, udal ertain eta txikietan, ez dute esfortzu ekonomiko hori egiteko gaitasunik. “Udalak itota daude ekonomikoki, eta kasu gehienetan ezin dute doakotasun hori bermatu eta, ondorioz, kuotak kobratu behar dituzte. Kasu batzuetan, Usurbilen adibidez, ikaragarrizko esfortzua egiten ari dira doakotasuna ahalbidetzeko, baina ezinezkoa da esfortzu hori betirako mantentzea”.

Horren haritik, egoera udalerri guztietan parekatu behar delakoan, EH Bilduko legebiltzarkideak finantzazioa handitzeko eskatu dio Hezkuntza Sailari, “udal haur eskola guztietan doakotasuna bermatzeko”, eta aurrerapausotzat jo du gaurko akordioa, “udal haur eskolen doakotasunari atea irekitzen diolako”.

Akordioak Haurreskolak Partzuergoaren eta, oro har, Haur Hezkuntzako lehen zikloaren (0-3 urte) oraina eta etorkizuna aztertu beharra ere aipatzen du. “Ziklo horren inguruko gogoeta bat egin behar dugu eskatzen dugu. Guk Haurreskolak Partzuergo berri bat nahiko genuke, non udal eskolek ere, publikoek, tokia luketen, udal autonomia hori mantenduz, guk tokian tokiko hezkuntzan sinisten dugulako eta udal haur eskola dagoen herrietan altxor bat dutela uste dugulako”.

Arresek adierazi duenez, “0-3 zikloan jauzi bat egiteko unea da” eta, norabide horretan, iragan apirilean sinatutako “Hezkuntza Akordioa mugarri garrantzitsua izan zen, Partzuergoaren doakotasunaren alde egin genuelako. EH Bilduren iritziz, Haur Hezkuntzan (0-3 zein 3-6 tarteetan), derrigorrezko etapa izan gabe ere, eskaintza unibertsalekoa, doakoa, eta hezkuntza sistemaren baitakoa izan behar da, funtsezko etapa delako haurren garapen psikomotorrerako, beren sozializaziorako eta euskara barneratzeko”.