AKTUALITATEA


| 2025-02-07 11:58:00

EH Bilduk erantzukizuna bere gain har dezala eta eragile aktiboa izan dadila eskatu dio Jaurlaritzari, patronalaren eta sindikatuen arteko “akordio bat sustatzeko, errazteko eta bultzatzeko”, EAEko errealitate sozioekonomikora egokitutako gutxieneko soldata bat onartzeari begira, aldarrikapen horrek “babes sozial, politiko eta sindikal eztabaidaezina” duelako Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Hori dela eta, Nerea Kortajarena EH Bilduko bozeramaileak “Confebask irmoki interpelatzeko” eskatu dio lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuari, Confebaskek sindikatuekin negoziazio mahai batean esertzeari ere uko egin eta biharamunean. “Ez da onargarria patronalak negoziazioari uko egitea erabaki parlamentario, politiko, instituzional eta sindikal bat dagoenean hemen gutxieneko soldata propio bat negoziatzeko. Jarrera argia hartu behar da, eta Gobernuak baditu tresnak horretarako, nahi duenean. Edo Confebaski utziko dio erabakitzen berak erabaki beharko lukeen gai bati buruz?”.

Gutxieneko soldata propio baten beharraz adostasuna ia erabatekoa dela gogorarazi ondoren, Kortajarenak Confebaskek ezarritako betoa kritikatu du, eta horrek hiru gauza agerian uzten dituela erantsi: Lehenengoa, gutxieneko soldataren inguruko erabakiak euskal instituzioen esku egotearen garrantzia. “Atzo ikusi zen: eskumenik gabe, hemen Confebaskek agintzen du, gehiengoak eta Jaurlaritzak berak interesgarritzat, desiragarritzat eta beharrezkotzat jotzen dutenaren gainetik. CEOEk ezin izan dio betorik jarri Estatuan gutxieneko soldataren igoerari edo lanaldia murrizteari, baina Confebaskek hemen bai”.

Bigarrenik, patronalaren danbatekoak argi utzi du Gobernua ezin dela ikusle hutsa izan. “Jaurlaritzak ezin du pentsatu bere zeregina zer gertatu zain egotea dela, hatzak gurutzaturik. Gauza bat da negoziazio kolektiboa errespetatzea, eta beste gauza bat da beto eskubidea onartzea. Jaurlaritzak eragile aktiboa izan behar du gure errealitate sozioekonomikoarekin bat datorren gutxieneko soldata lortzeko akordioa sustatzeko, errazteko eta bultzatzeko”.

Azkenik, Confebasken jarrerak agerian uzten du, Kortajarenaren ustez, garrantzitsua dela patronalaren aurrean amore ez ematea eta atzera ez egitea, aurrekontuen negoziazioan ez bezala, une hartan EAJk eta PSEk gai horretan konpromisoak hartzeari uko egin baitzioten. “Gaur inoiz baino beharrezkoagoa da gutxieneko soldata propio baten aldeko akordio politiko handi bat, aurrekontuen negoziazioan adierazi genuen bezala. Espero dugu oraingoan maila ematen jakitea eta aukera berriro ez galtzea”.