AKTUALITATEA


| 2024-09-19 12:11:00

EH Bilduk premiazkotzat jo du etxebizitza politika aldatzea, sektorea azken urteotan murgildurik dagoen larrialdiari aurre egiteko, eta norabide horretan jarduteko eskatu dio gaur Legebiltzarrean Etxebizitza eta Hiri Agenda sailburu Denis Itxasori. Xabier Astigarraga legebiltzarkideak azaldu dioenez, Jaurlaritzak bi lehentasun izan behar ditu nagusiki hasi berri den legegintzaldian: batetik, alokairuzko parke publikoa handitzea; bestetik, alokairuaren prezioak jaistea.

Alokairuzko parke publikoa handitzeari dagokionez, Astigarragak autokritika eskatu dio EAJ-PSE Gobernuari, “urte luzez alokairuzko parke publiko handi eta zabal bat sortzeko izan duen anbizio edo interes faltagatik”. Horren ondorioz, azaldu du, “gure parke publikoa hutsaren hurrengoa da”, Europako herrialde askotakoa baino askoz txikiagoa. “Hori gezurtatzeko ez da balizkoa Gaztela-Leon edo Madrilgo parke publikoa gurea baino murritzagoa dela esatea; Europara begiratzea besterik ez dago herrialde askotan babes publikoko etxebizitzek duten pisua ikusteko”.

Alokairuaren prezioak jaisteko, bestetik, EH Bilduko legebiltzarkideak “sektore publikoak etxebizitzaren merkatua erregulatzeko esku hartu behar duela” defendatu du, “horretarako egun indarrean dauden legeek ematen dituzten aukerak baliatuz eta arau berriak ezarriz”. Horren ildotik, Jaurlaritzak 2023ko Etxebizitza Legea garatu ez izana kritikatu du. “Gaur gaurkoz ez da tentsio eremu bat bera ere izendatua izan; are gehiago, Jaurlaritzak errekurtso bat ezarri dio legeari bere aplikazioa oztopatu nahian. Etxebizitza merkatuan prezioak etengabe igotzen ari direnean, gazteek etxebizitza bat prezio onargarrietan eskuratzea ezinezkoa dutenean, emantzipatzeko izugarrizko zailtasunak dituzten une batean, ez dugu ulertzen nola gobernu honek prezioetan eragina duten legeen aplikazioa blokeatzen duen, edo gutxienez ez duen urratsik ematen garatzeko”.

Astigarragak gogora ekarri du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan etxebizitzen prezioek, salerosketan zein alokairuan, etengabeko hazkunde bat bizi dutela, hiru pertsonatik batek bakarrik lortzen duela 34 urte bete aurretik emantzipatzea eta 72.000 pertsona baino gehiago daudela Etxebiden etxebizitza sozial bat alokairuan hartzeko zain. Datuek, beraz, agerian uzten dute “orain arte egindako etxebizitza politikak ez direla gai izan etxebizitzarekin dugun arazoari aurre egiteko, eta orain arte egindakoa egiten jarraitzen bada, ez zaiola arazoari inolako irtenbiderik emango. Emaitza ezberdinak lortu nahi baditugu, gauzak beste era batera egin beharko dira”.