AKTUALITATEA


| 2026-02-05 11:58:00

Utzikeria eta inakzioa dira, Xabier Astigarraga EH Bilduko legebiltzarkidearen iritziz, EAJ eta PSE alokairuaren merkatuan esku hartzeari dagokionez Lakuatik egiten ari diren kudeaketa hobekien definitzen dutenak. Etxebizitza eremu tentsionatuak izendatzea eta alokairuen prezioak erregulatzea eta mugatzea ahalbidetzen duen legearen balioa defendatu ostean, Astigarragak salatu du “tentsio eremuetan gertatzen ari dena sekulako utzikeria dela, eta ezin da horrela jarraitu. Agerikoa da planifikazio falta izugarria egon dela eta ez dela alokairuaren merkatuan esku hartze serio bat planteatu”.

Astigarragak ohartarazi du “jabetzaren kontzentrazio fase batean murgilduta gaudela, urtetik urtera etxebizitzen jabetza gero eta esku gutxiagotan metatzen ari baita”, eta egoera horren aurrean “Jaurlaritzak ez ditu mekanismoak legea betearazteko. Horrek ondorioak ditu, baina Jaurlaritza inakzio momentu batean dago kontu honekiko, etxebizitzarekin negozio handiena egiten ari diren horien aldeko inakzioa, hain zuzen ere”.

Egoera konpontze bidean jartzeko asmoz, EH Bilduk etxebizitzen jabego handien erregistroa sortzea proposatu du gaur Legebiltzarrean. Izan ere, “legearen arabera, eremu tentsionatu batean bost etxebizitza edo gehiago dituen jabe batek alokairuaren prezioak jaitsi egin beharko ditu indizeak ezartzen duen prezioaren mugara, eta bestela, teorian, santzioak jasoko ditu. Horretarako, bistakoa da, Jaurlaritzak jakin beharko du zenbat etxebizitza dituen jabeak, baina errealitatea da ez daukala informazio hori eta, beraz, ezin duela bermatu legea betetzen ari dela”.

Etxebizitzen jabego handien erregistroa sortzea soluzioa delakoan, proposamen hori ipini du Astigarragak mahai gainean, eta gogorarazi du erregistro hori jada existitzen dela Katalunian zein Nafarroan, non EAJren eta PSEren alderdikideek gobernu ardurak dituzten. Hori kontuan hartuta, ulergaitza eta kontraesankorra da gaur EAJk eta PSEk EH Bilduren proposamena atzera bota izana. “Galdera da zergatik Nafarroan posible dena hemen ez da posible?”.