AKTUALITATEA


| 2023-02-20 13:09:00

EH Bilduk egiturazko neurriak eskatu ditu gaur, adabakietatik harago joan behar dutenak, gazteen emantzipazio aukera benetan egiazkoa izan dadin. Eraitz Saez de Egilazek ezinbestekotzat jo du “emantzipazio politika ausartak, eraldatzaileak eta berriak egitea”, pasa den astean Urkulluk iragarritako 300 euroko laguntza bezalako adabakietatik harago joango direnak. Izan ere, laguntza hori “ez da erroko aldaketa bat eta ez du oinarrian dagoen arazoa konponduko”. Alde horretatik, politika publikoen fokua etxebizitzaren prezioetan eta lan prekarietatean ipini beharra aldarrikatu du legebiltzarkide independentistak, horiexek direlako gazteei emantzipatzen uzten ez dieten faktore nagusiak.

Hori dela eta, Saez de Egilazek bi proposamen argi eta zehatz ipini ditu mahai gainean “egungo egoera eraldatzeko, gazteen bizitza duinak bermatzeko eta emantzipazioa erreala izateko”. Lehenik eta behin, “gazteek pairatzen duten lan prekarietatea diruz ez laguntzeko hautu irmoa” eskatu dio Jaurlaritzari, eta, norabide horretan, proposatu du gazteak enpleguratzeko programa guztietan 1.400 euroko gutxieneko soldata ezartzea eta lanaldi osoko kontratu iraunkorrak sustatzea, bai eta elkarrizketa sozialaren bitartez 1.400 euroko gutxieneko soldata propioa sustatzea ere.

Bestetik, etxebizitzaren arazoari begiratu dio EH Bilduk. Alokairua ordaintzeko soldataren %30 baino gehiago bideratu behar ez izateko neurriak hartzea premiazkoa delakoan, Saez de Egilazek alokairu parke publikoa handitzea eta alokairuaren merkatu pribatuko prezioei muga jartzea proposatu du.

Legebiltzarkideak gogorarazi duenez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan emantzipatzeko bataz besteko adina (30,3 urte) Europan (26) eta Estatu espainolean (29,8) baino altuagoa da, eta horrek argi uzten du, batetik, “gazteria eta emantzipazio politikak ez direla Jaurlaritzaren lehentasuna izan” eta, bestetik, arlo horretan egin dituen politikek porrot egin dutela. Hori horrela, “emantzipazioa, oinarrizko eskubidea behar lukeena, pribilegio bilakatu da, egiturazko bizi baldintzen okertzearen ondorioz”. Horri jarraituz, EH Bilduko legebiltzarkideak erantsi du “helburua ez dela, bere horretan, emantzipazio adina jaistea, baizik eta gazteek euren bizitzen gain erabakitzeko gaitasuna lortzea eta bizitza ibilbideak ziurtasunez eta berme guztiekin eraikitzea; hau da, emantzipatzea ez da gurasoen eta legezko tutoreen etxetik alde egite hutsa”.